Gizartea -

KORONABIRUSA

Ospitaleratzeek gora egiten jarraitzen dute EAEn, 110eraino

EAEko ospitaleetako ospitaleratzeek goranzko joera mantentzen dute. Pasa den astelehenean beste 17 pertsona ospitaleratu zituzten.

Gurutzetako ospitalea. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Gurutzetako ospitalea
Kutsatuen kopuruak behera egin du azken orduetan, baina ospitaleratzeek gora

1:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19ari lotutako ospitaleratzeek gora egiten jarraitzen dute EAEn, eta dagoeneko 110 dira ospitaleratutako pazienteak, horietatik 6 ZIUko oheetan. Bestalde, gaur 265era jaitsi dira PCR probetan atzemandako kutsatzeak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiak azken orduetan izan duen bilakaeraren berri eman du, 5.274 PCR proba egin dituelarik, aurreko aldian baino 605 gehiago.

Ospitaleetan, koronabirus kutsatzeek eragindako okupazioak gora egiten jarraitzen du, eta 104 paziente daude gela arruntetan, igandeko 90 pazienteen aldean, eta 6 Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU), aurreko osasun-txostenean baino 2 gehiago. Astelehenean beste 17 pertsona ospitaleratu zituzten, igandean baino 5 gehiago.

EAEko ospitaleetan ospitaleratzeek goranzko joerari eusten diote, Nekane Murga Osasun sailburuak berriki ohartarazi duen bezala; izan ere, joan den abuztuaren 1ean 8 paziente soilik zeuden ospitaleratuta EAEn, horietako 2 ZIUn.

Astelehenean atzemandako kutsatzeen erdiak Bizkaian izan ziren (180), azken egunetako beheranzko joerari eutsi diote lurraldean; izan ere, 263 infekzio izan ziren ostiralean, 246 larunbatean eta 204 igandean.

Araban ere behera egin du kutsatutakoen kopuruak, aurreko txostenarekin alderatuta (64). Gipuzkoan 44 infekzio zenbatu dituzte, aurreko 75 infekzioekin alderatuta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea