Gizartea -
KORONABIRUSA
COVID-19aren jarraipen batzordeak EAEko egoera aztertuko du gaur
Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, bost pertsona hil dira abuztuaren 3tik 9ra bitarteko astean eta 363 kutsatu dira azken 24 orduetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakaria COVID-19aren jarraipen batzordearen bileran izango da gaur, osteguna, EAEko egoera epidemiologikoa aztertzeko.
Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan bost heriotza zenbatu dituzte covid-19arekin lotuta abuztuaren 3tik 9ra bitarteko astean, eta azken 24 orduetan PCR proben bidez detektatutako kutsatze berrien kopurua 363ra igo da.
EAEko ospitaleetan 110 pertsona daude ospitaleratuta, zortzi ZIUn. Pandemiaren hasieratik, 26.841 kasu pilatu ditu EAEk.
Egoera aztertzeko, jarraipen batzordea bilduko da gaur goizean, Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen. Bertan izango dira Nekane Murga Osasun sailburua, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua eta Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua.
Osasuneko sailburuordeak, Osasun Publikoko zuzendariak, Zaintza Estuko Planaren koordinatzaileak eta Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariak ere parte hartuko dute.
Hitzordu horren ostean, 12:30ean, Murgak agerraldia egingo du Bizkaiko Osasuneko Lurralde Ordezkaritzan, Bilbon, covid-19aren bilakaerari buruzko datuak emateko.
Azken egunetan erakundeetako arduradunak (lehendakaria bera tartean) kezkatuta agertu dira koronabirusak EAEn izandako hedapena dela eta, eta herritarrei arduraz jokatzeko deia egin diete, prebentzio eta segurtasun neurriak bete ditzaten.
Joan den larunbatean, abuztuaren 8an, Iñigo Urkulluk deitoratu egin zituen, sare sozialen bidez, zenbait portaera sozial, eta bere ezinegona agertu zuen, "iraganeko egoerak berriro jasateko arriskua dago" esanez.