Gizartea -
Ingurumena
Oria ibaian "isurketa bat" izan dela salatu du Eguzki Talde Ekologistak
Lasarte-Oriakoaz gain, beste sei isurketa salatu ditu azken asteetan Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian.
Agentzia | Erredakzioa
Eguzki Talde Ekologistak azken orduetan Oria ibaian "isurketa bat" agertu dela salatu du, Lasarte-Oria udalerrian (Gipuzkoa).
Komunikatu batean, Eguzkik azaldu du "barbo ale batzuk ibaian hilda ikusi dituen herritar bat" ohartu dela isurketaz, "hipodromoko zubiaren eta Michelingo kirol instalakuntzen artean".
"Isurketaren jatorria Uistin zeharbidetik isurtzen duen hodi batean egon daitekeela uste dugu. Puntu horretan ohartu gara hodi horretatik hondakin-ura zirudien likidoa isurtzen ari zela, eta, ibaiaren emaria nahiko txikia denez, ur zikin hori ibaian barreiatu beharrean, ibai-bazterreko gune batean pilatua zegoela", esan du taldeak.
Eguzkiren arabera, isurketaren arrazoia "Lasarte-Oriak saneamenduan zuzendu beharreko akats bat izango litzateke, hondakin-ur horiek ibaira isuri beharrean kolektorera joan beharko bailukete, hortik ponpa-lekura eta handik Loiolako araztegira".
Beste sei isurketa abuztuan
Abuztuaren 8an beste isurketa bat salatu zuen Eguzkik Mijoa ibaian, Mutriku parean (Gipuzkoa).
Gainera, beste isurketa batzuk ere salatu ditu Iruña Okan, Apodakan (Araba), Ondarroan, Gernika-Lumon (Bizkaia) eta Zestoan (Gipuzkoa).
Ohartarazi duenez, "enpresa batzuek oporraldia aprobetxatzen dute 'garbiketa' egiteko'", eta ibaiek eta errekek normalean ur gutxiago eramaten dutenez, "nabarmenagoa izaten da".