Gizartea -

Koronabirusa

COVID-19ari aurre egiteko neurriak indarrean daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

10 pertsonatik gorako taldeak kalean eta ostalaritza eztablezimenduetan biltzea galarazita dago. Erretzeko, ezinbestekoa izango da segurtasun distantzia mantentzea.

Ez dira kalean 10 pertsona baino gehiagoko talderik onartuko. Irudia: EITB.
Hiriburuko kaleak jendez beteta
Ez dira kalean 10 pertsona baino gehiagoko talderik onartuko. Irudia: EITB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19ari aurre egiteko neurri berriak arratsalde honetan sartu dira indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Nekane Murga Osasun sailburuak gaur goizean sinatu du agindua eta arratsaldean argitaratu dituzte Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Joan den ekainaren 18an sinatutako aginduaren hirugarren aldaketa da, eta Osasun Ministerioaren eta autonomia erkidegoen artean joan den ostiralean adostutako hamaika neurriak jasotzen ditu.

Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, 10 pertsona baino gehiagoko taldeak ez dira onartuko kalean, ostalaritzako zein aisialdiko establezimenduetan, hala nola, txokoetan.

 

Gainera, tabernak, jatetxeak eta txokoak goizaldeko ordu batean itxi beharko dituzte, ordubete lehenagotik ezingo dute bezerorik onartu, ezta edaririk erosi ere, eta horietan ezingo da zutik kontsumitu. Mahai bakoitzeko 10 lagun bilduko dira gehienez, eta 1,5 metroko tartea egon beharko da mahai bateko bezeroaren eta hurrengoaren artean.

Aginduak ezartzen du ostalaritzako lokal horietan edukiera-muga baliogabetuko dela, betiere mahaien edo mahai-multzoen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa ziurtatzen bada, baina, era berean, lokal baten barruan egon daitezkeen pertsonen kopurua 60 izango dela zehazten da, eta kopuru hori establezimenduko jantoki edo espazio independente bakoitzean egon daiteekeen gehienezkoa da.

Ostalaritza establezimenduak goizaldeko ordu batean itxiko direnez, garraio publiko kolektiboa ordu bata eta erdietan amaitzea ere ezarri da.

Gainera, zuzeneko musika-emanaldiak dituzten diskotekak, dantza-aretoak eta kopa-tabernak ixtea erabaki da, bai eta espazio publikoetan erretzea debekatzea ere, pertsonarteko gutxieneko distantzia 2 metrokoa ez denean. Debekatuta dago, halaber, lonjetan edo antzeko ezaugarriak dituen edozein lokaletan jardutea eta botiloiak egitea.

Hotelen eta turismo-ostatuen eremu komunen edukiera % 60koa izan behar da, bufeak eta koktelak gehienez 10 pertsonako taldeetakoak izango dira eta eserita egongo beharko dira, eta animazio-, kirol- eta talde-jarduerak gehienez hamar lagunekoak izango dira.

Federatu gabeko aire zabaleko gorputz- eta kirol-jarduerari dagokionez, banaka edo taldean egin ahal izango da, kontaktu fisikorik gabe, eta gehienez 10 pertsonako taldeetan.

Era berean, turismo aktiboko eta naturako jarduerak zein jolas- eta akuario-zentroetara bisitak 10 pertsonakoak izango dira. Gainera, igerileku publiko edo pribatuetako edukiera % 60ra murriztu da eta 3 ordutik gorako egonaldiak debekatuta daude.

Aginduan jasotzen diren neurrien artean, halaber, garraio publiko kolektiboan bi ordu baino gutxiagoko ibilbideetan jatea debekatuta dago, gune horietan maskarak ahalik eta denbora gehien jarrita eramatea bermatzeko, zeinak sudur-trenkadaren zatitik kokotseraino estali behar baitira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa LABI bilera gaur