Gizartea -

KORONABIRUSA

EAEko COVID-19aren Jarraipen Batzordea gaur bildu da

EAEn bigarren aldiz osasun-larrialdia ezarri ondoren Jarraipen Batzordea biltzen den bigarren aldia da.

COVID-19aren Jarraipen Batzordea. Irudia: EFE
COVID-19aren Jarraipen Batzordea
COVID-19aren Jarraipen Batzordearen bigarren bilera hasi da

0:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren Jarraipen Batzordea, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, bilduta dago goizeko bederatzietatik EAEn koronabirusaren bilakaera aztertzeko; izan ere, azken asteetan kutsatzeen kopuruak gora egin du. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak larrialdi sanitarioa ezarri eta, abuztuaren 19ko aginduz, haren hedapena geldiarazteko neurri murriztaileak areagotu ditu.

Joan den ostiralean, Nekane Murga Osasun sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoa izurritearen "bigarren olatuan" zegoela baieztatu zuen, hasi zenetik erregistratu diren kasuen gehieneko kopurua jakinarazi zuenean, 700 baino gehiago. Gainera, larunbatean Bizkaiko egoitzetan izan ziren pandemiaren bigarren olatuaren lehen bi heriotzak. EAEko ospitaleak prestatzen ari dira dagoeneko ohe gehiago hartzeko, bai gela arruntetan, bai ZIUn.

Egoera horretan, COVID-19aren Jarraipen Batzordearen beste bilera bat izaten ari da Lehendaritzan egungo panorama aztertzeko. Urkullu da bilerako burua, eta Osasun, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura eta Segurtasun sailburuak, Nekane Murga, Arantxa Tapia eta Estefania Beltran de Heredia, ditu lagun, hurrenez hurren. Murga arduratuko da bileran jorratutako gaien berri emateaz, eitb.eus-en zuzenean eskainiko den agerraldi publiko batean.

Hain zuzen ere, astelehen honetarako, Gizarte Zerbitzuen Lehendakariordetzak zaharren egoitzetako lantaldea deitu du, autonomia erkidegoek zentro horietako COVID-19 agerraldien egoeraren berri eman dezaten, baita zer premia edo zailtasun dituzten ere.

Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako ordezkariak ere deitu ditu, ikasgeletara itzultzeko zalantzak argitzeko. Astearte honetan, abuztuaren 25ean, Hezkuntza sailburuordeak Alejandro Tiana Estatuko Hezkuntza idazkariarekin bilduko dira, eta ostegunean, hilak 27, Osasun, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako eta Lurralde Politikako ministroekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa