Gizartea -

Koronabirusa

Aurrez aurreko eskoletarako gune publikoen gaineko informazioa eskatu diete alkateei

EUDELek bilduko du informazio hori, eta Eusko Jaurlaritzari helaraziko dio, hurrengo astea amaitu aurretik.

EUDELek eskatu die informazioa alkateei. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia.
EUDELek eskatu die informazioa alkateei
EUDELek eskatu die informazioa alkateei. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko presidente Gorka Urtaranek idazkia bidali die EAEko alkateei; idazkiaren helburua da alkateek informazioa ematea umeentzako eta nerabeentzako aurrez aurreko eskoletarako balizko gune publikoen gainean. Hain zuzen, baliteke gune publiko horiek erabili behar izatea, baldin eta ikasleak beste leku batean kokatu beharko balituzte, "osasun-baldintzak edo eskatutako baldintzak bete ahal izateko".

EUDEL Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin ari da lanean, eskolarako bueltaren gainean, eta testuinguru horretan helarazi die Urtaranek idazkia alkateei. Informazioa Jaurlaritzari bidaliko zaio; izan ere, azkeen horrek du neurri guztiak koordinatzeko ardura.

Gutunean, Urtaranek azalduta du Hezkuntza Sailak, ikasturtea hasieran gertu dagoela kontuan izanik, Udalen laguntza eskatu duela, “ikasturtea ondo gauzatzeko”.

Atxikita, Excel fitxa bat bidali zaie alkateei; irailaren 4a iritsi aurretik bete behar dute hori. Fitxan, balizko lekuen zerrenda egin beharko dute: liburutegiak, ludotekak, kiroldegiak, edo kultura-zentroak.

Galdakaoko Udalak bere instalazioak eskaini dizkie udalerriko eskola-zentroei, eskolarako buelta "ahalik eta erosoena" izatea xede. Ohar batean, Udalak azaldu du hezkuntza-zentroekin hitz egiten ari dela; Udalaren eskaera da iraileko lehen asterako eskolek zehaztea zein ordutegi-behar izango dituzten ikasturtean. Hain zuzen, hurbilen dauden kirol-instalazioak eskaini dizkie Udalak eskola guztiei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Euskal eskola publikoaren azken ordukoa Gaixotasunak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza sistemako albisteak Osasun albisteak gaur Umeak COVID olatu berria Gazteak albisteak EUDEL