Gizartea -

Koronabirusa

Seme-alabak koarentenan dituzten gurasoen kontziliazioa aztertzen ari dira

Isabel Celaa Hezkuntza ministroak aurreratu duenez, seme-alabak koarentenan dituzten gurasoei ordaindutako baimena edo baja ematea aztertzen ari da Espainiako Gobernua.

Adingabe bat, etxean, konfinamenduan. Argazkia: EFE.
Adingabe bat, etxean, konfinamenduan
Adingabe bat, etxean, konfinamenduan. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Celaa Espainiako Gobernuko Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ministroak asteazken honetan aurreratu duenez, aztertzen ari dira abiatzea ordaindutako baimena edo baja COVID-19agatik koarentenan egon beharreko seme-alabarik duten gurasoentzat: "Eratu behar ditugun formulak dira", adierazi du.

SER katean izandako elkarrizketa batean, Celaak gogora ekarri du pandemiaren hasieran ere baliatu zutela ordaindutako baimenaren formula; izan ere, "koarentena egin behar bada, adingabe bat izatekotan, heldu batek lagundu beharko du; izan liteke gaixotasunagatik eskuratutako baja, edo ordaindutako baimena", ziurtatu du.

Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak, horrez gain, zehaztu du gurasoei "erantzukizun-adierazpena" eskatuko zaiela, seme-alabak sukarrik gabe joan daitezen eskolara: "Osasuna eta segurtasuna etxean hasi behar dira", nabarmendu du Celaak; nolanahi ere, onartu egin du ez dagoela "zero arriskurik", "ez betetzea gertatu ahal baita".

Gurasoei eskatu die seme-alabak eskolara eraman ditzatela; berretsi duenez, "hezkuntza ordezkaezina da, bai eta onuragarria ere. Etxez etzeko hezkuntzak ezin du ordezkatu", esan du.

Hori dela eta, ministroak azpimarratu du eskolak "zabalik" egon behar direla, aurrez aurreko hezkuntza baita "kontzeptu orokorra"; 14 urtera arteko ikasleen kasuan, horrek izango du lehentasuna, aurrez aurreko hezkuntzak: "Ordenagailuaren aurrean lan egin ezin duten umeek laguntza behar dute, hezkuntza-prozesuan", azaldu du Celaak. Ministroak, horrez gain, eskatu du "familiei ez ematea kezka eta ziurgabetasun handiagorik".

Deitoratu duenez, "alarma handiegia" sortu da eskolarako bueltaren gainean. "Herritarrak eta zentroak kezkatzen ditu ez dakigula esateak. Badakigu: eskolak zabalduko dira, aurrez aurreko hezkuntza da kontzeptu orokorra, eta eskola-ingururik ziurrenaren bila gabiltza", zehaztu du. "Birusari aurre egin behar diogu, umeek garrantzitsuena egin dezaten: alegia, hezkuntza-prozesuarekin aurrera jarraitzea", adierazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza Medikuntza albisteak Umeak azken ordukoa Covid birusaren olatu berria Gazteak azken ordukoa