Gizartea -

Eguraldia

Abisu horia ezarri dute larunbat honetarako Bizkaian eta Gipuzkoan, euriagatik

Abisu horia 06:00etatik 24:00etara egongo da indarrean, zaparrada trumoitsuak espero baitira. Egunaren lehen partean kostaldean prezipitazio iraunkorrak espero dira.

Pertsona batzuk euritakoarekin. Argazkia: EFE
Pertsona batzuk euritakoarekin.
Pertsona batzuk euritakoarekin. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du larunbat honetan Bizkaian eta Gipuzkoan, euriagatik, eta ia egun osoan zehar egongo da indarrean.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak azaldu duenez, metro koadroko 15 litro ur baino gehiago pila daitezke ordubetean.

Abisu horia 06:00etatik 24:00etara egongo da indarrean, zaparrada trumoitsuak espero baitira. Egunaren lehen partean kostaldean prezipitazio iraunkorrak espero dira, eta barnealdera zabalduko dira arratsaldean.

Beraz, prezipitazioak ugariak eta iraunkorrak izango dira, eta larunbatean eta igandeko lehen zatian metro koadroko 40 eta 60 litro ur artean pila daitezke.

Horrez gain, itsasaldeko arriskuagatik beste abisu bat ezarriko dute nabigaziorako lehen bi milietan, eta egun osoan egongo da indarrean.

Ildo horretatik, larunbatean zaparradak, giro freskoa eta haizea izango dira protagonistak, batez ere ipar isurialdean. Abuztuko azken asteburuan, udazkenean ohikoagoa den giroa izango dugu. Zaparradak itsasotik ia etengabe sartuko dira eta baliteke zenbait lekutan trumoitsuak eta handiak izatea, batez ere kantauri isurialdean.

Nafarroa hegoaldean ia ez du euririk egingo, baina han ziertzoaren indarra nabarituko dute. Ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da eta tenperatura maximoak 20 ºC-tik behera geratuko dira. 

Igandean zaparradekin jarraituko dugu, nahiz eta larunbatean bezain mardulak eta ugariak ez izan. Berriro ere euri gehien kantauri isurialdean pilatuko da, bereziki kostaldean non egunaren lehen partean zaparrada trumoitsuak bota ditzakeen.

Arratsaldeak aurrera egin ahala zaparradak tartekatuagoak izango dira eta ostarteak zabalduko dira; euria ipar-ekialdera mugatuko da. Nafarroa hegoaldean egoera lasaiagoa izango da eta tarte eguzkitsuak izango dira. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Aisia Ekaitzak gaur Uda