Gizartea -

Teknologia

Nafarroako Gobernuak "Radar Covid" aplikazioa deskargatzeko eskatu die herritarrei

Juan Cruz Cigudosa kontseilariak iragarri duenez, funtzionamendua bermatu ahal izateko, herritarren %10ak deskargatu beharko luke aplikazioa.

Radar Covid aplikazioaren irudiak.
Radar Covid aplikazioaren irudiak.
Radar Covid aplikazioaren irudiak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Departamentuko kontseilari den Santos Indurainek eta Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari den Juan Cruz Cigudosak deia egin diete Nafarroako herritarrei, mugikorretan "Radar Covid" aplikazioa deskarga dezaten, pandemiaren zabalkundearen miaketa errazte aldera.

Datorren astelehenetik aurrera jarriko da indarrean, baina gaurtik hasita instalatzea komeni da, erabat funtzionala baita deskargatuta duten telefonoen artean esposizioak bluetooth bidez erregistratzeko.

Horrez gain, "Radar Covid" aplikazioak une oro bermatuko ditu anonimotasuna eta pribatutasuna, PCR positiboaren diagnostikoa jaso duen pertsonak bere borondatez eta modu anonimoan erregistratuko baitu SMS bidez emango zaion zenbakizko kodearekin.

Android eta iOS sistemekin erabil daiteke, eta ez du inolako identifikazio pertsonalik eskatzen; hau da, funtzionatu ahal izateko, erabiltzaileak bluetooth sistema aktibatuta izan behar du telefonoan. Nahiz eta Androiden egungo bertsioak kokapena aktibatzea ere eskatu, app-ak ez du hori erabiltzen, eta berezitasun hori hurrengo eguneratzeetan ebatziko da. Gainera, Twitterren @AppRadarCovid kontua sortu da, herritarren zalantzak argitu nahian.

Nola erabili aplikazioa PCR probaren emaitza positiboa baldin bada

Lehenik eta behin, bluetooth-a aktibatuta izan behar du erabiltzaileak, "Radar Covid" app-a esposizioak telefonoan erregistratzen joan dadin, anonimoki.

Diagnostikoa positiboa baldin bada, miaketako osasun-langileek erabiltzaileari PCR probaren emaitza jakinarazteko deitzean, aplikazioa instalatuta duen galdetuko diote. Instalatuta edukiz gero, SMS bidez 12 digituko kodea emango zaio, bertan sar dezan, eta, hori egitean, automatikoki eta modu anonimoan jakinaraziko zaie gailu horrekin 15 minututik gora eta 2 metro baino gutxiagoko tartean kontaktuan egon diren pertsonei, bluetooth erregistroaren bidez soilik identifikatu ondoren.

Nola erabili aplikazioa esposizioa altua baldin bada

Esposizio altuko alerta jasotzen duen edozein erabiltzaileri URL bat agertuko zaio laguntza jaso ahal izateko gomendioekin. Beste komunitate batzuk ez bezala, jarraipen hori arintze aldera, Nafarroan 3 metodo garatu dira Nafarroako Osasun Zerbitzuak-Osasunbideak (NOZ-O) artatu eta, hala badagokio, arrisku-kontaktu bezala zehazteko: Osasuneko Karpeta Pertsonalaren bidez, mugikorrera SMS bat bidalita, babestutako inprimakiaren eta ondorengo captcharen bitartez edota telefonoz. Metodo horiek bere borondatez aktibatuko ditu erabiltzaileak.

Hedapena sare sozialetan

Nafarroako Gobernuak app-a zabaltzeko egitasmo bat jarriko du martxan sare sozialetan ostiral honetan bertan, Facebook, Instagram eta Google sareetan publizitatea kontratatuta. Irailean zehar, Nafarroako online hedabide nagusien bidez ere iragarriko da.

Horrez gain, Gobernuak lankidetza eskatuko die udalei, unibertsitateei, komunikabideei eta herritarrei "Radar Covid" aplikazioa zabaltzeko sare sozialetan dituzten profilen bidez, tresnaren lankidetza-izaeraren arabera. Beraz, aplikazioa deskargatu eta erabiltzen duten pertsonen kopurua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta prebentziorako balio handiagoa izango du pandemiaren aurkako borrokan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Gaurko albisteak Nafarroan Telefonia mugikorra Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Osasunbidea gaur