Gizartea -

Koronabirusa

Eskola kirola bai, baina elkar ukitu gabe eta lehiaketarik barik, Gipuzkoan

Foru Aldundiaren proposamenak aurrera egingo balu, entrenamenduak urriaren 1ean hasiko lirateke, eta irailaren 21etik aurrera egongo litzateke zabalik izena emateko epea.

Umeak hondartzan futbolean jokatzen, Zarautzen. Argazkia: Lorentxo Portularrume
Eskola kirola bai, baina elkar ukitu gabe eta lehiaketarik barik, Gipuzkoan
Umeak hondartzan futbolean jokatzen, Zarautzen. Argazkia: Lorentxo Portularrume

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak ikastetxeei proposatuko die eskola kirola baimentzea baldin eta bi baldintza betetzen badituzte: umeek ezingo dute elkar ukitu eta lehiaketak urtarrilera arte atzeratuko dira. Halere, urritik aurrera ekin ahal izango diete entrenamenduei.

Kultura eta Kirol Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez, asmoa da eskola kirolari berrekitea, baina "uneoro parte-hartzaileen segurtasun distantzia gordeta". Horrela balitz, urriaren 1etik aurrera hasiko lituzkete entrenamenduak, nahiz eta lehiaketak ez lituzketen urtarrilera arte abiatuko.

Gainera, segurtasun protokolo zorrotza ezartzeko asmoa dute, COVID-19 kutsatzeak saiheste aldera. Horretarako, aditu talde batek udan zehar prestatutako protokoloa izango dute kontuan.

Aldundiaren ustez, eskola kirola etetea kaltegarria litzateke haur guztientzat, bereziki egoera ekonomiko ahula dutenentzat. Eskola zentroei buruz esan du "leku seguruak direla kirola egiteko". Horregatik, irailaren 21ean zabalduko dute izena emateko epea, eta abenduaren 30era arte egongo da irekita.

Arabak eta Bizkaiak bertan behera utzi dute eskola kirola

Eskola-kiroletako ekintzak bertan behera geratuko dira oraingoz, pandemiaren bilakaeraren berri izan arte, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek iragarri dutenez.

Bizkaian, oraingoz, izen-ematea zabalik izango da, osasun-egoerak hobera egin ahala martxan jarriko dituzten ekintzetan parte hartu ahal izateko. Azpimarratzekoa da, gainera, ekintzetan ez dela ikuslerik izango eta aldagelak ezingo direla erabili.

Arabako Foru Aldundiak iragarri du "bizi dugun ezohiko egoeragatik" ohi baino beranduago hasiko dela eskola kirola. Hain zuzen ere, klaseak hasten direnean pandemiaren bilakaera eta kutsatzeak nola doazen aztertuko dute, eta horren arabera erabakiko dute eskola-kirola noiz berrabiarazi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak Eskola kirola Araba