Gizartea -

Ikasturtea

Arabak eta Bizkaiak bertan behera utzi dute eskola-kirola, egoerak hobera egin arte

Oraingoz, izen-ematea zabalik izango da, osasun-egoerak hobera egin ahala martxan jarriko dituzten ekintzetan parte hartu ahal izateko.

Eskola baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Eskola baten artxiboko irudia.
Eskola baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskola-kiroletako ekintzak bertan behera geratuko dira oraingoz, pandemiaren bilakaeraren berri izan arte, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek iragarri dutenez.

Bizkaian, oraingoz, izen-ematea zabalik izango da, osasun-egoerak hobera egin ahala martxan jarriko dituzten ekintzetan parte hartu ahal izateko. Azpimarratzekoa da, gainera, ekintzetan ez dela ikuslerik izango eta aldagelak ezingo direla erabili.

Egoerak hobera egin ahala, lehiaketak ere martxan jarriko dira. Ordura arte, beraz, debekatuta egongo da partida, torneo edota ekintzak antolatzea, lagun artekoak izanda ere.

Covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz, aurtengo programak aldaketa aipagarriak izango ditu aurreko denboraldiekin alderatuz gero.

Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko zenbait neurri hartu dituzte Eskola Kirolaren Batzordean, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako kirol-arduradunek osatua. Neurri horiek programa batean bildu dituzte, eta, hura osatzeko, kirol federazioek ere esku hartu dute. Azkenik, Eusko Jaurlaritzako osasun-arloak oniritzia eman du.

Eskola-kirol orotan derrigorrez bete beharreko neurriak aipatuko ditugu segidan:

- Antolatzaileek covid-19ari aurre egiteko protokolo bat izan beharko dute indarrean. Kudeaketa errazte aldera, oinarrizko neurriak aintzat hartzen dituen eredu bat eskainiko die aldundiak.

- Antolatzaileek osasun-teknikari edota arduradun bat izendatu beharko dute, protokoloa betetzen ari dela ziurtatzeko.

- Bertan parte hartuko duten pertsona guztiek (arduradunak, teknikoak, familiak eta tutoreak) protokoloarekin bat datozela baieztatu beharko dute, ezinbestez.

- Covid-19aren inguruko prebentzio- eta segurtasun-ikastaroa egin beharko dute arduradun eta teknikariek.

Eskola-kirola Araban

Arabako Foru Aldundiak iragarri du "bizi dugun ezohiko egoeragatik" ohi baino beranduago hasiko dela eskola kirola. Hain zuzen ere, klaseak hasten direnean pandemiaren bilakaera eta kutsatzeak nola doazen aztertuko dute, eta horren arabera erabakiko dute eskola-kirola noiz berrabiarazi.

Kultura eta Kirol Sailak berretsi du "aldaketa garrantzitsuak" egongo direla aurreko denboraldiarekin alderatuta. Horregatik, covid-19aren aurrean nola jokatu jakiteko, arau orokor batzuk bidali dizkiete udalei.

Protokoloa betetzeaz gain, udalek arau horien onarpen-akordioak aurkeztu beharko dituzte. Gainera, osasun-arduradun bat izendatu eta babes- eta segurtasun-ikastaro bat eman beharko dute, ohar batean Arabako Foru Aldundiak ohartarazi duenez.

Eskola-kirola

6 eta 16 urte bitarteko 45.000 bat gaztek parte hartu ohi dute urtero eskola kiroletan. Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintza zabala izan ohi du: 30 ekintza ezberdin antolatzen ditu. 700 bat entitatek parte hartzen dute bertan, bai federazioek, bai taldeek, bai eskolek, baita udalek ere.

2020-2021 ikasturte honetan, osasun-egoerak ezarritako neurri berriei egokituko dira une oro, eta segurtasun-neurri guztiak beteko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak azken ordukoa Koronabirusa Eskola kirola