Gizartea -
KORONABIRUSA
Leitzako 2.500 pertsona baino gehiago daude PCR proba egitera deituta asteburuan
Igandean ere proba gehiago egiten jarraituko dute. Leitzako alkateak jendearen erantzuna goraipatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Leitzako herritarrek erruz erantzun diote Nafarroako Osasun Departamentuak, Udalarekin adostuta, koronabirus kasuak garaiz atzemateko egin duen proba-deialdiari eta jende ugari agertu da larunbat honetan PCR froga egitera.
15 urtetik gorako 2.500 pertsona bizi dira Leitzan eta lehen egun honetarako 1.117k eman dute izena PCR proba egiteko, Mikel Zabaleta alkateak jakitera eman duenez. Jendearen erantzuna ikusita, oso pozik dagoela esan du alkateak eta eskerrak eman dizkie.
09:30ean hasi dira osasun teknikariak probak egiten eta orduan 150 proba inguru egin dituzte 20:30 arte.
Bi egunetan egingo dituzte probak.
Leitzarrak proba egiten. Argazkia: Xabier Urteaga | Euskadi Irratia
Abuztuaren 22tik aurrera, kasuak goraka
Azkenaldian covid-19 kasuek gorakada nabarmena izan dute herrian (35 kasutik gora astebetean), adin eta ezaugarri ezberdinetako bizilagunen artean. Horregatik, Foru Agindu bat onartu behar izan du Nafarroako Gobernuak, Leitza neurri zorrotzagoak ezartze aldera.
Agindua horren arabera, taberna eta jatetxetako edukiera murriztuko dute, baita haurren jolas-tokietakoa eta leku publikoetakoa ere.
Gainera, elkarte gastronomikoak itxiko dituzte, eta lagun edo familiarteko hitzorduetan jende gutxiago bildu ahal izango da.
Neurri horiek hamabost egunez ezarriko dituzte, baina denbora tarte horretan aldaketak egon daitezke, unean uneko osasun egoeraren arabera.