Gizartea -
Koronabirusa
Ez, Mungiako Udalak ez du herria ixtea aurreikusten COVID-19a dela eta
Prentsa-ohar baten bidez jakitera eman duenez, etengabeko elkarlanean dabiltza Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, eta hainbat iturri ez-ofizialek zabaldutakoa gezurtatu nahi izan du.
EITB.EUS
Mungiako Udalak baieztatu duenez, ez du herria ixteko inolako aurreikuspenik COVID-19a dela eta. Prentsa-ohar baten bidez jakitera eman duenez, etengabeko elkarlanean dabiltza Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, eta hainbat iturri ez-ofizialek zabaldutakoa gezurtatu nahi izan du.
"Datuen arabera, kasu positiboek gora egin dute gure herrian, baina behaketa egin ondoren aurreikusi bezala, orain daukagun egoera beste hainbat herritan bizi izandakoaren parekoa da", adierazi du Udalak jakinarazpen baten bidez.
Gainera, pandemia Mungiara iritsi zenetik lau haizeetara zabaltzen ari diren mezuari irmo heldu nahi izan diote: "Bete ditzagun zorrotz guztiok ezagutzen ditugun segurtasun neurriak, horixe baita birusari aurre egiteko modurik eraginkorrena".
Azkenik, Udalak azpimarratu duenez, herritarrek iturri ez-ofizialetatik jasotako mezuei jaramonik ez egitea eta Osasun Sailaren gomendioak kontuan izatea da garrantzitsuena: "Jokatu dezagun lasaitasunez, arduraz eta modu solidarioan".