Gizartea -
COVID-19
Koronabirusak utzitako arrastoak aitortzea eskatu dute Nafarroako Parlamentuan
Gaixotasuna izan eta sei hilabete geroago eritasunaren arrastoak ez die bizitza normala egiten uzten. Horregatik, erantzukizuna eskatu diete herritarrei.
Agentzia | Erredakzioa
COVID-19a izan eta sei hilabete geroago gaixotasunaren arrastoak paziente batzuei ez die bizitza normala egiten uzten. Horregatik, koronabirusak utzitako arrastoa aitortzea eskatu dute Nafarroako Parlamentuan. Era berean, erantzukizuna eskatu diete herritarrei.
Virginia, Sara eta Carmen plataformako ordezkariek euren esperientzia pertsonala azaldu dute Ganberan. COVID-19arekin martxoan kutsatu ziren, medikuek koronabirusaz eta haren tratamenduaz ezer gutxi zekitenean.
Virginiaren hitzetan, era askotako sintomatologia dute, osasun zentroetan ez dute informaziorik, eta horrek “diagnostiko okerrak” eragiten ditu. “Egunero zentzugabekeriak entzun behar ditugu”, nabarmendu du.
Horregatik, lehen arretako zentroetan COVID iraunkorraren ezagutzarik ez baldin badute, espezialista egokietara bidaltzea eskatu dute. Era berean, gaixotasunaren arrastoak ikertzea aldarrikatu dute.
Bestalde, Sarak buruko mina eta nekea kentzea eskatu du soilik, nahiz eta kirolik ezin praktikatu, “aje etengabe bat bizitzen ari naizelako”.
“Nire lanera eta bizitza normalera noiz itzuliko naizen ez dakit”, esan du. “Orain espero dudana okerrera ez egitea da”, erantsi duenez.
Carmenen ahotan, koronabirusaren ondorioekin “dagoeneko ezin dugu bizitza normala egin”. Carmen ospitaleratzeko egunak eman zituzten, nahiz eta gaixotasuna baieztaturik izan. Jadanik ospitalean bihotzekoak jo eta aldebiko pneumonia izan zuen.
“Bizitzeko gogoak aurrera atera ninduen”, ziurtatu du ZIUko egonaldia gogoratuz. Gaur giharretako eta buruko min etengabea du, begietan orbanak eta ikusmen galera, baita hanketako hantura eta zorabioak ere.
Bere kasuan gaixotasunak utzitako arrastoak ikertzen ari dira, baina dagoeneko lanpostua galdu du. Hiru hilabeteko baja baten ostean, enpresak alta jasotzea eta aldi baterako lan-erregulaziora pasatzea eskatu zion. Berak uko egin zion, eta ekainean kaleratu zuten. “Ez naiz erruduna gaixotzeagatik”, gogorarazi du.
Orain “espezialista onak” eskatu ditu, “horrela bizitzerik ez dagoelako”. “Ez dut lanik, baina ezin dut bilatu ere, zorabioa noiz emango didan ez dakitelako”, zehaztu du.
Beraiek bezalaxe, COVID-19a igaro duten pertsonen % 10, 50.000 bat lagun Espainian, gehienak emakumeak, plataformetan antolatzen ari dira, aldarrikapenetan eta laguntzan koordinatzeko.
“Martxoan kutsatu ginen, eta ondorioak egunero pairatzen ditugu”, adierazi dute manifestu batean, Parlamentuan. Segurtasun eza sentitzen dute, immunitate-sistema “oso ahulduta” dutelako. Bestalde, “kaleetako erantzukizun ezak ere kezka” sortzen die.
“Adina edozein izanda ere guztiak ZIUn amaitu dezakegu”, eta osasun sistema “kolapsoaren atarian” dago, gaineratu dutenez. Horregatik, gaixotasuna “guztien artean geldiarazi behar dugu orain”, bestela osasunarentzako, enpresentzako eta gaixoentzako “kalte larria” ekarriko du. Horietako batzuk “ez dira sekula sendatuko”, ohartarazi dute.
Arrasto iraunkorrak dituzten pertsonak “epe luzeko paziente” gisa aitortzea eskatu dute baja medikoetan. Espezialistak, psikologoak eta birgaixotzeentzako arreta telefono bat aldarrikatu dituzte.
Azkenik, arrasto mota ezberdinak ikertzeko aurrekontu bat eskatu dute: ondorio neurologikoak eta biriketan, buruko minak, usaimen eta dastamen falta, zorabioak, asaldu digestibo eta dermatologikoak, bihotzeko eta giharretako arazoak, depresioa eta antsietatea, besteak beste.