Gizartea -

Koronabirusa

Konfinamendua berriro Miranda Ebron, COVID-19 kasuek gora egin dutelako

Hala ere, konfinamenduak Arabaren eta Burgoseko herriaren arteko “harreman estuan” eragin handirik ez izatea espero du Foru Aldundiak.

Miranda Ebro (Burgos). Artxiboko argazkia: Jose Antonio Ortiz de Zarate
Miranda Ebro (Burgos). Artxiboko argazkia: Jose Antonio Ortiz de Zarate
Miranda Ebro (Burgos). Artxiboko argazkia: Jose Antonio Ortiz de Zarate

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Burgosko Miranda Ebro herria berriz konfinatuko dutela iragarri du Gaztela eta Leongo Gobernuak ostiral honetan. 35.000 biztanle baino gehiagoko herriak Arabarekin muga du, eta bi aste emango ditu konfinamenduan. Neurria igandean sartuko da indarrean, 00:00etan, eta urriaren 10era arte luzatuko da. COVID-19 kasuek gora egin dute azken egunetan. Pandemia hasieran Miranda Ebro isolatu zuten dagoeneko.

Birusaren “transmisio komunitarioa saihesteko” asmoa dutela azaldu du Gaztela eta Leongo Gobernuak ohar batean. Horretarako mugikortasuna kontrolatzeko eta murrizteko neurriak aplikatuko dituzte ostalaritzan, osasun zentroetan eta jendea bildu daitekeen jardueratan.

Aurreko kasuetan bezala, Justiziak neurriak berretsi behar ditu. Mugimendu edo biltzeko askatasuna bezalako eskubideak murrizteko orduan neurriz jokatzea bermatu behar du Justiziak, prebentzioa eta osasun publikoaren babesa balantzan jarriz.

Osasun Kontseilaritzaren agindua bihar argitaratuko dute Gaztela eta Leongo Aldizkari Ofizialean.

Arabak ez du eragin handirik espero

Konfinamenduak Arabaren eta Burgoseko herriaren arteko “harreman estuan” eragin handirik izango ez duela uste du Foru Aldundiak.

Arabako Aldundiko iturriek azaldu dutenez, “Arabak udalerriarekin duen harreman estuan eragin handirik” ez du espero erakundeak; osasun, hezkuntza eta lan arrazoiengatik mugitzea posible izango delako.

“Hala eta guztiz ere, osasuna eta birusa hedatzea eragoztea dira lehentasuna”, azpimarratu dute iturriek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Burgos Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa