Gizartea -

Abiadura handiko trena

"Errepresioaren gainetik desobeditzea" eskatu du Mugitu! Mugimenduak

Duela bi aste Martzillan kolektiboko zortzi kide atxilotu zituztela gogorarazi dute, AHTaren lanak geldiarazteko ekintza batean parte hartzeagatik.

Mugitu! Mugimenduaren prentsaurrekoa Iruñean. Argazkia: Mugitu! Mugimendua
Mugitu! Mugimenduaren prentsaurrekoa Iruñean. Argazkia: Mugitu! Mugimendua
Mugitu! Mugimenduaren prentsaurrekoa Iruñean. Argazkia: Mugitu! Mugimendua

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AHTaren aurkako mobilizazioa eta desobedientzia aldarrikatu ditu Mugitu! Mugimenduak larunbat honetan. “Euskal Herriko historiaren azpiegiturarik xahutzaile, suntsitzaile eta antisozialenaren aurrean sekula baino gehiago desobeditzea” eskatu dute, “krisi ekologikoa eta ekonomikoa areagotu baino ez duelako egingo”.

PSNren egoitza aurrean prentsaurrekoa eman du kolektiboak, Iruñean. Duela bi aste Martzillan kolektiboko zortzi kide atxilotu zituztela gogorarazi dute Mugituko ordezkariek, AHTaren lanak geldiarazteko ekintza batean parte hartzeagatik.

“Akusazio larriak dira: funtzio publikoak usurpatzea, agiriak faltsutzea eta indarkeria”, esan dute, nahiz eta “ekintza erabat baketsua izan; AHTaren lanak geldiaraztea sinbolizatu nahi zuten”. “AIREF bezalako erakundeek Gobernu zentralari lanak gelditzeko gomendioa eman diote”, azpimarratu dute.

Mugituren hitzetan, “Nafarroako tarte batean lanak gelditzeko ekintza publikoa ez zen Gobernuaren gustukoa izan, nahiz eta eurek isilpean beste bi tarte gelditu dituzten”.

“Nafarroako eta ‘euskal Y’ko tarte guztien lanak gelditzeko eskaera ere ez dute atsegin. Mugituko hiru kide Gobernuko Ordezkaritzaren balkoira igo ziren, lepotik kateatzeko. Proiektuaren ahultasuna begi-bistan geratu zen”, ziurtatu dute.

Horregatik guztiagatik, “errepresioaren kolpe latza jaso du mugimenduak, garai zaharrak gogora ekartzen dizkigun sarekada batekin, agindu judizialik gabeko atxiloketekin eta eldarniozko akusazioekin. AHTaren aurkako herri mugimendua ikaratu, desmobilizatu eta kriminalizatu nahi dute”.

Nafarroako AHTaren lanak “historiako unerik ahulenean dira, eta badakite. Bi tarte gelditu behar izan dituzte, krisi ekologikoa eta ekonomikoa areagotu dira, sistema barruan kontrako iritziak gero eta ugariagoak dira, AIREF eta Europako zein Espainiako Kontuen Auzitegiarenak esaterako, eta biztanleriaren sektore gero eta handiagoak lanen aurka daude”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena Manifestazioak