Gizartea -

KORONABIRUSA

Koronabirus kasuen kopuruak gora egin du Europan

Errusia da Europan koronabirusaren krisiak gehien erasandako herrialdea, eta Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Alemania atzetik ditu.

Artxiboko irudia:EFE
Artxiboko irudia:EFE
Artxiboko irudia:EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Wuhanen sortutako pandemiak 239.000 kasu berri baino gehiago izan ditu azken 24 orduetan mundu osoan. Europan Errusia da gehien zigortutako herrialdea, eta Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Alemania daude zerrendan horren atzetik. Uztailean pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik, Europako herrialdeek gora egin dute kutsatze kopuruan eta hazkunde joera hori mantendu da gobernuek neurri berriak hartu arren.

Azken egunean, Errusiak, Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak kasuen igoera nabarmena jakinarazi dute.

Errusiak 8.945 positibo eta 169 hildako erregistratu ditu azken 24 orduetan. Pandemiaren hasieratik, 1.185.231 kasu eta 20.630 heriotza izan dira; ondorioz, koronabirusak gogorren astindu duen herrialdeetako bat da, eta Ameriketako Estatu Batuak, India eta Brasil bakarrik daude egoera okerragoan. Aurreko udaberriko neurriak ezarri behar ez izateko, osasun eskakizun guztiak errespetatu behar direla gogoratu die Gobernuak herritarrei. Bitartean, Moskuko alkateak hiriburuko eskolak bi astez ixtea erabaki du.

Alemaniak 5.052 kasu berri eta 12 hildako jakinarazi ditu, aurreko egunean 1.798 kutsatze eta 17 heriotza izan ondoren; beraz, guztira 291.000 pertsona baino gehiago kutsatu eta 9.500 hil dira bertan. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Parlamentuan eskainitako hitzaldian, diziplina eta pazientzia eskatu die herritarrei azken hilabeteetan lortutako aurrerapenak ez galtzeko eta kutsatze kopurua ez areagotzeko. Alemaniako Gobernuak Europako arrisku guneen zerrenda zabaldu du, hauek gaineratuta: Belgika, Islandia, Frantzia, Lituania, Estonia, Ipar Irlanda, Gales, eta Irlandako, Kroaziako, Esloveniako, Hungariako eta Errumaniako zenbait eremu.

Frantziak 12.845 kasu positibo zenbatu ditu azken 24 orduetan, eta 8.051 izan ziren bezperan. Guztira herrialdeak 604.031 kasu izan ditu pandemia hasi zenetik. Osasun agintarien arabera, 64 pertsona hil dira azken 24 orduotan, eta guztira 31.956 hil dira martxotik koronabirusaren ondorioz.

Aurreko astean neurri gehiago hartu arren (besteak beste, tabernak eta jatetxeak 22:00etan ixteko betebeharra ezarri eta sei lagunetik gorako bilkurak debekatu zituen), Erresuma Batuak ez du infekzioen kopurua egonkortzea lortu, eta azken bi egunetan egunean 7.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte. Guztira, 455.846 kutsatze eta 42.233 heriotza izan dira bertan. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi duenez, Gobernuak tokian tokiko murrizketei eutsi die eragin handieneko eremuetan, eta ez du baztertzen neurri orokor berriak ezartzea, beharrezkoak izanez gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europa Errusia Alemania Frantzia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak Koronabirusa