Gizartea -

Pertsonen salerosketa

2015etik prostituzioan aritzera behartuta zegoen emakume bat askatu dute Gasteizen

Biktima zaintza-kamerekin kontrolatzen zuten uneoro. Hori dela eta, bi gizon atxilotu dituzte, bat Gasteizen eta bestea Iruñean, proxenetismoa, pertsonen salerosketa eta sexu-erasoa egotzita.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015etik prostituzioan aritzera behartuta zegoen emakume bat askatu du Espainiako Poliziak Gasteizen, biktimak Giza salerosketaren Biktimen Zerbitzura deitu ostean. Testuinguru horretan, bi gizon atxilotu dituzte proxenetismoa, pertsonen salerosketa eta sexu-erasoa egotzita.

Hain zuzen ere, 2019ko abenduaren 10ean, "beldurtuta, negar-zotinka eta urduri" deitu zuen telefono horretara, eta Gasteizko etxebizitza batean sexu-esplotaziora behartzen zutela salatu zuen.

Hori dela eta, Espainiako Poliziako agenteak neska horrek esandako etxebizitzara hurbildu ziren, eta "itxura batean lasai" zegoen bikote batekin egin zuten topo. Gainera, emakumeak eta gizonak bikotekideak zirela esan zieten agenteei.

Dena dela, Giza salerosketaren Biktimen Zerbitzura berak deitu zuela onartu zuen neskak, isilean; izan ere, Iruñean bizi zen beste gizon batek 2015etik prostituzioan bere borondatearen kontra jardutera behartzen zuen. Gainea, kameren bidez uneoro kontrolatuta sentitzen zen eta, beharbada, mikroak ezkutatu zituen etxebizitzan.

Biktimak agenteei azaldu zienez, gizona astebururo joaten zen bere etxera, bere borondatearen kontra sexu-harremanak izatera eta prostituzioarekin irabazten zuen dirua biltzera.

Orduan, hainbat gelatan zaintza-kamerak jarrita zeudela egiaztatu zuten agenteek. Horregatik, pertsonen salerosketaren kontrako protokoloa martxan jarri zuten eta neska gizarte-zerbitzuen mendeko egoitza-zentro batera eraman zuten.

Ondorengo ikerketetatik ondorioztatu zuten haren bikotekideak prostituzioan hastera bultzatu zuela 2015ean, zor batzuk kitatzeko. Hain zuzen, berak kudeatzen zuen biktimak irabazten zuen diru guztia, eta, beraz, otsailean atxilotu zuten.

Bestalde, agenteek jakin zuten Iruñetik biktima kontrolatzen zuen gizonak bezero gisa ezagutu zuela 2015ean, eta prostituzioan jarrai zezan agindu ziola, biktimaren bikotekideak horren aurka ezer esan gabe.

Gainera, astebururo Iruñetik joaten zen neskak lortzen zituen irabaziak biltzera. Bisita horietan sexu-erasoa egiten zion eta kolpatu egiten zuen.

Irailaren 17an, agenteek gizon horren etxebizitza miatu zuten Iruñean, eta hainbat gailu elektroniko aurkitu zituzten bertan. 30 urteko gizona egun horretan bertan atxilotu zuten. Polizia-eginbideak amaitu ondoren, epailearen esku utzi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Iruñea Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Salaketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Tratu txarren biktimak Giza eskubideak