Gizartea -
Eguraldia
Giro busti eta freskoa, urriaren 12ko zubian
Prezipitazioak espero ditugun arren, ez dira hain ugariak eta etengabeak izango. Nabarmenena tenperatura jaitsiera izango da: igandetik aurrera, maximoak 10-15 ºC-ren bueltan egongo dira.
EITB.EUS
Urriaren 12a jaieguna eta astelehena dela eta, ohi baino asteburu luzeagoa edukiko dute askok. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak eta EiTBko Eguraldia zerbitzuak egindako iragarpenaren arabera, udazkeneko giroa izango dugu: euria eta tenperatura freskoak. Dena dela, zaparradak ez dira hain ugariak izango, eta tarteka egingo du euria. Egunik okerrena igandea izango da.
Ostirala zeru hodeitsuekin abiatu dugu, tarteka eguzkia ikusteko aukera izango dugun arren. Dena dela, orduek aurrera egin ahala hodeiak ostarteei gailenduko zaizkie berriro ere. Eguerditik aurrera, iparraldeko haizea nagusiko da eta tenperaturak jaitsaraziko ditu: epelenak 20-22 ºC ingurukoak izango dira.
Larunbatean fronte hotz batek gure lurraldea zeharkatuko dugu goizean. Zerua estalita egongo da eta euria egingo du, batez ere ipar isurialdean. Frontea igarota, baliteke aterrune luzea izatea, baina arratsalderako zaparradak bueltatuko dira. Ipar/ipar-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da. Tenperaturek beherantz egingo dute, eta maximoak 15-18 ºC ingurukoak izango dira.
Igandean izango dugu, akaso, girorik makurrena. Ipar isurialdean hodei ugari pilatuko da, eta euria sarri egingo du. Hegoaldera ere iritsiko dira prezipitazioak, baina noizbehinkako euri txikia egingo du. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, une batzuetan gogor joko du, batez ere ziertzoak Ebro ibarrean. Tenperatura are gehiago jaitsiko da; maximoak 10-15 ºC artekoak izango dira. Pirinioetan berriro ere elurra egingo du, 1.500 metrotik gora.
Astelehenean apur bat hobera egingo du aroak, joeraren arabera. Goizean euri txikia egin dezake, baina arratsalderako argitzera egingo du, eta ateri eutsiko dio. Tenperaturetan ez da aldaketa espero, eta oro har, termometroek ez dute 15 ºC-ko langa igaroko.