Gizartea -

KORONABIRUSA

COVID-19 kasuen gorakada EAEn, 584 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan

Lurraldeka, 80 kasu berri agertu dira Araban, 260 Bizkaian eta 243 Gipuzkoan. Positibitate tasa %5,59ra igo da.

Osakidetzako langile bat pertsona bati PCR proba egiten. Argazkia: EFE
Osakidetzako langile bat pertsona bati PCR proba egiten.
Osakidetzako langile bat pertsona bati PCR proba egiten. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirus kasuak areagotzen ari dira Euskal Autonomia Erkidegoan. 584 koronabirus infekzio kasu berri (bezperan baino 126 gehiago) agertu dira azken 24 orduetan 10.261 PCR eginda.

Lurraldeka, 80 kasu berri atzeman dira Araban, 260 Bizkaian, 243 Gipuzkoan, eta EAEtik kanpo bizi den pertsona baten kasua ere bai.

Positibitate tasa, egindako testetan atzemandako kutsatu tasa adierazten duena, % 5,59ean dago, MOEk gomendatzen duen %5ekoaren aren gainetik, alegia.

Ospitaleei dagokienez, 40 lagun ospitaleratu dituzten azken 24 orduetan COVID-19a dela eta, eta ZIUetan 45 pertsona daude une honetan.

Herriz herriko informazioa eta RO indizea astelehenean emango dira jakitera.

Nafarroan 2.588 PCR proba egin zituzten atzo, eta 463k positibo eman zuten ( % 17,9ko tasa). Gainera, hiru pertsona hil ziren: 81 urteko emakume bat, eta, 84 eta 75 urteko bi gizon. Datu horien aurrean, Nafarroako Gobernuak eskari argia egin die herritarrei kasuak gutxitzen hasteko: "asteburu luze hau autokonfinatuta igaro ezazue, mesedez".

Ikuspegi geografikotik, Iruñea eta Iruñerrian atzeman dituzte kasu berrien % 61, Tutera eta inguruetan % 12, eta Lizarraldean % 9.

Adin tarteei dagokienez, 15-29 bitartekoak % 23 izan dira, 45-59 artekoak % 21, 30-44koak %20, 15 urte baino gutxiagokoak % 16, 60-75 artekoak % 12 eta 75etik gorakoak % 8. Kasu berrien batezbesteko adina 39,7 urtekoa da.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, atzo 24 ospitaleratze gehiago izan ziren, horietako 3 Zaintza Berezien Unitatean. Guztira, 256 pertsona daude ospitaleratuta une honetan (bezperan baino 3 gutxiago).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Osasunbidea