Gizartea -

KORONABIRUSA

Nafarroak "ezinbestekoak ez diren jarduerak" murriztuko ditu datozen 14 egunetan

Foru arau berriak aforoa % 30era murriztuko du ostalaritzan, eta lokalek 22:00etan itxi beharko dute. Ezingo dira sei pertsona baino gehiago bildu. Neurriak datorren gauerdian sartuko dira indarrean.

Maria Chivite, Nafarroako presidentea. Argakia: EFE
Maria Chivite, Nafarroako presidentea.
Ezinbestekoak ez diren jarduerei mugak jarri dizkie Nafarroako Gobernuak

1:39

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan neurri murriztaile berriak egongo dira indarrean datorren gauerdian hasi eta hurrengo 14 egunetan. Nafarroa osorako neurri berberak izango dira. Oraingoz, ez dute mugikortasuna mugatu, baina bai, ordea, ostalaritzako aforoa. 

Atzo, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak neurri murriztaile berriak iragarri zituen, COVID-19 kasuek "espero baino askoz gehiago" egin baitute gora.

Foru arau berriaren neurriak bihar sartuko dira indarrean, nahiz eta gaur argitaratu. Nafarroa osoan "interakzioa eta mugikortasuna ezinbestekora" murriztu nahi ditu Chivitek. Haren esanetan, aisialdia eta esparru pribatua "foku nagusiak" dira, horregatik neurriak esparru horietara mugatuko dira batez ere.

Gobernuak "interakzio soziala erabat murriztu" nahi du datozen 14 egunetan, "berebizikoa" delako. "Une kritiko batean gaude, eta garaiz gabiltza. Ez dugu egoera gogorrago bat nahi", adierazi zuen Chivitek.

Horregatik, tabernen eta jatetxeen aforoa % 30era murriztuko dute, terraza eta toki irekietan salbu, non % 50ekoa izango den. Lokalek 22:00etan itxi beharko dute.

Elkarte gastronomikoak eta peñak itxita egongo dira, eta 22:00etatik aurrera alkohola saltzea debekatuko dute.

Esparru publikoan zein pribatuan sei pertsona baino gehiago biltzea ez da posible izango. Beilatoki, ezkontza, bataio, jaunartze eta antzeko ekitaldietan ere aforoa mugatuko dute.

Supermerkatu eta merkataritza-gune handietan, aforoa % 40ekoa izango da. Liburutegi, zinema eta antzokien kasuan, aldiz, % 30ekoa izango da.

Era berean, jolastokietan, aforoa % 30era murriztuko dute.

Gimnasio eta kirol instalazioak erabiltzeko aldez aurretik hitzordua eskatzea nahitaezkoa izango da.

Foru Erkidegoko udalek neurri zorrotzagoak ezartzeko aukera izango dute.

Unibertsitateetan eta hezkuntza zentroetan ez da aldaketarik; izan ere, Nafarroako Gobernuak "funtsezko" jarduera dela uste du. Era berean, Nafarroan mugikortasuna mugatzeko neurririk ez dute hartu. Chiviteren esanetan, beste erkidegoekin mugikortasuna mugatzea zailtasun legalak ditu.

Foru arau berriaren neurriek erkidego osoan "esku hartzea" ekarriko dute, zenbait zonaldetan intzidentzia tasa baxua den arren. Chivitek azaldu duenez, neurriok helburu bikoitza dute: "gaizki doan tokietan egoera hobetzea" eta hainbeste kutsatze ez dauden tokietan prebentiboki ekitea.

"Ez gaude prest onartzeko biztanleen zati bat hil egin behar dela edo larri gaixotu behar dela gehiengoak bizitza normala egin ahal izateko. Bizitza bakoitza da garrantzitsua, heriotza bakoitza da tragedia bat", gaineratu zuen Foru Gobernuko presidenteak.

Kritikatu zuenez, alderdikeriaz "birus honen drama erabiltzea" deitoratu du, eta "batasuna, lasaitasuna eta momentu bakoitzean beharrezkoak diren neurriak" hartzea eskatu du.

Pandemiaren bilakaera txarra

Nafarroako egoera epidemiologikoa kinka larrian dago. Azken orduetan 600 kasu berri baino gehiago atzeman dituzte Foru Erkidegoan, Maria Chivitek astelehen honetan aurreratu duenez. Dena dela, Foru Erkidegoko presidenteak “Nafarroa ixtea” baztertu du.

“Datuak txarrak dira, eta ematen du gaur pandemia osoan eman diren datu txarrenak izango ditugula, 600etik gora. Horrek baieztatzen du atzo hartutako neurriak hartu behar genituela”, esan du.

“Neurri murriztaile hauek intzidentzia tasa altua zuten Nafarroako udalerri batzuetan hartu ditugu, eta emaitza onak izan ditugu epe ez oso luzeetan, kasu batzuetan aste batekoak eta besteetan hamabost egunekoak”, azaldu du.

Esan duenez, “neurri murriztaile gehiago hartu behar bagenitu, ez genuke beldurrik izango egiteko”. Nafarroarentzat alarma egoera eskatzeko aukeraz, Chivitek zera azaldu du: “Momentuz ez dakit zer ekarriko lukeen alarma egoerak orain arte egin ez duguna, konfinamendu perimetralekin zerikusia duen guztia, foru agindu eta dekretu guztiak, epaileek berretsi dituzte”.

“Agian alarma egoera gehiago da etxeetako itxialdietarako, eta uste dut neurri hori azkenaren azkena izan beharko litzatekeela”, esan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua ETB Nafarroa Osasun albisteak María Chivite Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea Osasunbidea