Gizartea -

Koronabirusa

Tolosaldea eta Asuncioneko langileak kalera aterako dira osasun publikoaren alde

Adierazi dute ez dela "kasualitatea" kutsatzeak ospitale horretan gertatu izana. "Ospitale pribatu bat da zerbitzua ematen duena, eta horrek eragin zuzena izan du".

Tolosako Asuncion klinika. Argazkia: EiTB
Tolosako Asuncion klinika. Argazkia: EiTB
Tolosako Asuncion klinika. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tolosaldeko herritar eta Tolosako Asuncion Klinikako langile talde batek manifestazioa deitu dute larunbaterako, 12:30ean Plaza Zaharrean, "kalitatezko osasun publikoa" eskatzeko. Horren harira, Tolosaldeko herritarren osasun-zerbitzua salatu eta ohartarazi dute ez daudela "gehiago aguantatzeko prest".

Tolosan emandako prentsaurreko batean azaldu dutenez, Asuncion Klinikaren konfinamenduarekin "gainez egin du gure pazientziak", eta "egoera amaitzeko unea iritsi" dela azpimarratu dute.

Era berean, adierazi dute ez dela "kasualitatea" kutsatzeak ospitale horretan gertatzea, zeren, beste eskualde batzuetan ez bezala, "ospitale pribatu bat da zerbitzua ematen duena, eta horrek eragin zuzena izan du".

Asuncion Klinikako langileek azaldu dute "urteak" daramatzatela lan-baldintzengatik borrokan, eta azpimarratu dute baldintza horiek "duinak" egiteak "eragin positiboa" izango lukeela "zerbitzuaren kalitatean". "Langile gutxi gara: ez gara iristen. Gure aldetik dena ematen dugu, baina baliabide pertsonal eta material gabeziak eragin zuzena du zerbitzuaren kalitatean", gaitzetsi dute.

"Musuko eta babes-neurri egokirik" ez dutela izan salatu ostean, berretsi dute ez dela "kasualitatea" Asuncionen "COVID-19a zabaldu izana". Langile horien arabera, "lan-baldintza eskasen" ondorio da. Hori horrela, klinikaren jabeen helburua "etekin ekonomikoa" ateratzea dela kritikatu dute, eta "ez osasun-arreta eskaintzea".

Mobilizazioak

Bestalde, Tolosaldeko herritar talde batek mobilizazioak abian jartzea erabaki du. Ildo horretan, adierazi dute urteak daramatzatela eskualdeko "osasun-arretaren gabeziak" salatzen, eta azpimarratu dute "interes ekonomikoak osasun-arretaren gainetik" jartzearen ondorio dela gertaturikoa.

Horregatik, "datozen ospitaleratzeak Donostiako ospitalera bideratzea, eta ez Bidasoko eskualdeko ospitalera", eskatu diote Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari. Gainera, "zer gertatu den eta egoera honetara iristea nola izan den posible" galdetu diote Jaurlaritzari. "Argi dugu Tolosaldean irtenbidea osasun-arreta publikoa dela, % 100 publikoa, Euskadiko gainerakoetan bezalaxe", gaineratu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tolosa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Manifestazioak Koronabirusa