Gizartea -

KORONABIRUSA

Inoizko COVID-19 kasu gehien atzeman dira Gipuzkoan azken 24 orduetan

Atzo 9.922 PCR egin ziren EAEn eta 564 kasu berri atzeman zituzten: 55 kasu Araban, 244 Bizkaian eta 263 Gipuzkoan. Positibo tasa % 5,68koa da.

Osakidetzako langile bat pertsona bati PCR proba egiten. Argazkia: EFE
Osakidetzako langile bat pertsona bati PCR proba egiten.
Osakidetzako langile bat pertsona bati PCR proba egiten. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirus datuek kezkagarriak izaten jarraitzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan. 564 kasu berri (bezperan baino 20 gutxiago) atzeman dituzte azken 24 orduetan egindako 9.922 PCR probetan.

Lurraldeka, 55 kasu atzeman dira Araban, 244 Bizkaian, 263 Gipuzkoan eta bi EAEtik kanpo bizi direnen artean. Bereziki nabarmena da Gipuzkoako kopurua, izan ere, inoiz ez da horren altua izan. Koronabirus kasuak erregistratzen hasi zirenetik izandako egunik okerrena izan da atzokoa Gipuzkoan.

Positibo tasa, egindako test guztien artean atzematen den positiboen ehunekoa adierazten duena, % 5,68an dago, MOEk gomendatzen duen % 5aren gainetik.

Ospitaleei dagokienez, 16 lagun ospitaleratu dituzte azken 24 orduetan COVID-19a dela eta, eta ZIUetan 47 pertsona daude une honetan.

Herriz herriko informazioa eta R0 indizea astelehenean emango dira jakitera.

Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Bizkaiko adinekoen egoitza batean bizi zen pertsona bat hil da azken orduotan COVID-19arekin. Guztira, 92 adineko daude kutsatuta Bizkaiako sareko egoitzetan.

Gipuzkoako zahar etxeetan, berriz, 52 pertsona daude une honetan COVIDarekin, azken orduetan Bergarako Mizpirualde zentroan beste positibo bat atzeman ostean.

Nafarroan, bestalde, 427 COVID-19 kasu berri izan dira, Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuaren datuen arabera. 3.049 PCR proba egin ziren atzo, eta horietatik % 14k eman zuen positibo. Lau hildako izan dira azken orduetan: 97 eta 82 urteko bi emakume eta 92 eta 89 urteko bi gizon.

Nafarroako osasun sareak 263 gaixo ditu ospitaleetan, eta horietako 33 ZIUn daude.

Iruñerrian izan dira positiboen % 58. Tutera eta inguruan, % 13, eta Lizarra eta inguruan, % 8. Gainontzeko positiboak (% 21) Nafarroako beste eskualdeetan izan dira.

Adinari dagokionez, 15 urtetik 29 urtera bitarteko taldean izan ziren atzo positibo gehien, % 28. 30-40 urteko taldean, berriz, % 23. Jarraian, honako taldeak daude: 45-59 urtekoena (% 19), 15 urtetik beherakoena (% 14), 60-75 urte artekoena (% 11) eta 75 urtetik gorakoena (% 5).

Kasuen batez besteko adina 37,3 urte da.

Egoera honen aurrean,  "ezinbestekoak ez diren jarduerak" murriztuko ditu Nafarroako Gobernuak datozen 14 egunetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Osasunbidea