Gizartea -

Pobrezia

92.000 ume baino gehiago pobrezia arriskuan daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Save the Childrenek ohartarazi du seme-alabak izatea pobrezia pairatzeko arrisku faktorea dela Euskal Autonomia Erkidegoan, eta familia ahulenen egoerak okerrera egin duela pandemiaren ondorioz.

Familiak kalean. Argazkia: Efe
Familiak kalean. Argazkia: Efe
Familiak kalean. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatean izango den Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi du Euskadin 18 urtetik beherako pertsonen % 26,7 –92.177 haur eta nerabe– pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dagoela, helduen pobrezia-tasa baino 7 puntu gorago, hain zuzen ere.

Bizi-baldintzei buruzko Inkestaren (2019) datuen arabera, seme-alabak izatea pobrezia-arriskuko faktorea da Euskadin, batez ere guraso bakarreko familientzat, eta kontuan hartu behar da horietako gehienetan emakumeak direla buruak.

Emakume horien % 55 pobrezia-egoeran bizi da; hau da, 2018an baino % 1,4 familia gehiago, eta dagoeneko 41.924 familia dira.

Seme-alaba bat edo gehiago dituzten bi pertsona helduren familietan handitu zen gehien pobrezia 2019an. 10etik ia 4 pobrezia-egoeran bizi dira, eta aurreko urteko tasa baino 6,5 puntu gorago dago hori; hau da, 2018an baino 50.191 pertsona gehiago dira.

Gainera, pandemiak eragindako krisi ekonomikoak zuzenean eragin die haurrak ardurapean dituzten familiei, % 24,2k ezin baitituzte ezusteko gastuak ordaindu.

Larrialdiaren aurretik artatzen zitten familien % 60,5en lan-egoera aldatu egin zen konfinamenduaren lehen astean, eta Euskadiko langabezia-tasa % 10,8koa da, 2020ko lehen hiruhilekoan baino 0,9 puntu handiagoa (EUSTAT).

Hala, Save the Childrenek gogorarazi du Euskadin seme-alabak haztearen kostua Estatuko batez bestekoa baino handiagoa dela, hilean 615 eurokoa, batez beste, ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko, eta adinarekin batera gora egiten duela: 551 euro hileko, gutxienez, 0 urtetik 3 urtera artean; eta 714 euro hileko, gutxienez, 13 urtetik 17 urtera artean.

Save the Childrenen "Haurren pobreziari eta haurren kontrako indarkeriari buruzko pertzepzioa" inkestaren arabera (uztailean argitaratu zen), 10 euskal herritarretatik 9k uste dute haur-pobreziak lehentasuna izan behar duela Eusko Jaurlaritza berriarentzat, eta euskal herritarren % 62,6k uste du arazo hori oso edo nahiko garrantzitsua dela Euskadin.

Era berean, bi euskal herritarretatik 1ek adierazi du zerga gehiago ordainduko lituzkeela zerga horiek zuzenean haurren pobrezia desagerrarazteko erabiliko balira, eta 10 pertsonatatik ia 4k uste dute Eusko Jaurlaritzak askoz gehiago egin dezakeela haur-pobrezia desagerrarazteko eta hezkuntza-sistemako aukera-berdintasuna sustatzeko politika publikoen arloan.

Save the Childrenek erantsi du Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma premiazkoa dela oraindik babesa hobetzeko eta seme-alabak ardurapean dituzten familientzako kopuruak handitzeko, batez ere monomarentalentzako, eta legegintzaldi honetan onartutako lehen neurrietako bat izan beharko litzatekeela uste du.

Horrela, bada, gobernuz kanpoko erakundeak 120 euroko diru-laguntzak proposatu ditu zaintzapeko seme edo alaba bakoitzarengandik, neurri horrek pobreziak familia zaurgarrienetan duen eragina arinduko lukeela iritzita.

Haur pobrezia % 33ra irits liteke Espainiako Estatuan

Horrez gain, Save the Childrenek ohartarazi du 2,1 milioi haur daudela pobrezia egoeran Espainiako Estatuan, zaurgarritasunak okerrera egin duela "nabarmen" pandemiarengatik, eta urte amaieran hiru haurretik bat egon daitekeela egoera horretan.

Save the Childrenek uste du neurri egokiak hartu ezean, hiru haurretik batek pairatuko duela pobrezia urte amaieran, eta adingabeak dituzten familiak direla krisi ekonomikoaren eta sozialaren eragina gogorren sufrituko dutenak.

Esaterako, erakundeak aurreikusi du guraso bakarreko (normalean emakumea) familien artean, % 41,1etik % 48ra igoko dela pobrezia maila COVID-19aren ondorioz.

"Pobrezia arriskua ez da berbera guztientzat. Ez badugu desberdintasunak eta pobrezia murrizteko premiazko neurririk hartzen gehien behar dutenen artean, belaunaldi oso bat atzean uzteko arriskua dugu", adierazi du Andres Conde Save the Childrenen zuzendari nagusiak.

"Ekin egin behar dugu, Estatu eta Europa mailan, Espainian haurren garapena eta ongizatea horrenbeste kaltetzen duen gaitz hori amai dadin", aldarrikatu du GKEaren arduradunak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Umeak Koronabirusa Euskal Estatistika Erakundea gaur