Gizartea -

Koronabirusa

Bilerak 6 pertsonara mugatzea ez da gomendioa, debekua baizik

Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiari igorri dio agindua dagoeneko. Auzitegiak orain hiru egun ditu txostena aztertzeko. Hala, beranduen dela, ostegunerako argituta beharko luke auziak.

Neurriek herritarren eskubideengan duten eragina aztertu beharko du Auzitegiak. Argazkia: EFE
Hainbat herritar Gasteizko kale batetik ibiltzen.
Neurriek herritarren eskubideengan duten eragina aztertu beharko du Auzitegiak. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak sei pertsona baino gehiagoko bilerak debekatu nahi ditu. Exekutiboak horrela azaldu du espresuki, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari igorri dion aginduan, koronabirusaren gorakadari aurrea hartzeko.

Elkartzeak sei pertsonara mugatzea gomendioa ez dela zehaztu du Eusko Jaurlaritzak, debekua baizik.

EAEko Auzitegi Nagusiak agindua aztertu eta berretsi ala ez erabaki beharko du datozen egunetan.

Gauzak horrela, EAEko Auzitegi Nagusiak hiru egun ditu txostena aztertu eta berresteko. Hori horrela, beranduen dela, ostegunerako argituta beharko luke auziak, Garbiñe Biurrun Auzitegiko behin-behineko presidenteak atzo Euskadi Irratian iragarri zuenez.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Aretoak "lehentasun osoz" aztertuko du agindua, eta beraz, baliteke arinago ebaztea.

Murrizketok herritarron eskubideengan duten eragina aztertuko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Biurrunen esanetan, "neurriz neurri" aztertuko dute agindua.

Neurriak

Azken asteetan positiboen kopuruak gora egin ondoren, pandemiari aurre egiteko neurri berriak eman zituen larunbatean Osasun sailburuak.

Besteak beste, pertsona taldeak, aforoak, ostalaritzako ordutegiak, parke eta lorategietako ordutegiak edo federatu gabeko kirol lehiaketak jomuga dituzte neurriek.

Indarrean zegoen araudia aldatuko dute neurri berriekin. Besteak beste, taldeak 10 pertsonatik 6ra pasako dira, eta edukierak % 50era murriztuko dituzte jarduera esparru guztietan.

Oro har, kanpoko ekitaldietan 600 pertsona baino gehiago biltzea ez da posible izango, eta 400 barruan. Tabernek eta jatetxeek 24:00etan itxi beharko dute, eta txoko eta elkarteetan biltzea debekatuta egongo da.

Gainera, parke, lorategi eta jolastokiak 23:00etan itxiko dituzte, eta federatu gabeko kirol lehiaketak bertan behera geratuko dira.

Oraingoz, ez dute konfinamendurik aurreikusten, baina ez dute baztertzen.

EAEko auzitegiak neurriak berrestea espero du Jaurlaritzak, Galiziako Auzitegi Nagusiak antzeko neurriekin egin bezala, Gobernuko iturriek argudiatu dutenez.

“Pandemia hilabete asko aurretik ditugu”, ohartarazi du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta “une bakoitzean beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko beharko dira”.

“Birusak astintzen jarraitzen du, eta inork ez dakit nola eta noiz arte, jakitun izan behar gara. Ondorioz, une bakoitzean beharrezkoak diren neurri guztiak hartu behar ditugu, pandemia hilabete asko ditugulako aurretik”, adierazi du Urkulluk.

Azken 24 orduetan positibotasun tasa % 8,4ra igo da EAEn PCR probetan, eta ospitaletan presioak gora egin du; izan ere, 300 ospitaleratu dira dagoeneko. Gainera, beste 55 pertsona ZIUn daude.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak COVID kasuak LABI EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak