Gizartea -

NARKOTRAFIKOA

Bilbo eta Bordele artean marihuana trafikoa egiten zuen banda bat desegin dute

Bandak Bilbotik garraiatzen zuen droga, autoz, ondoren Frantziako hirian saltzeko. 14 pertsona atxilotu dituzte operazio honetan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak eta Frantziako Jendarmeriak marihuanarekin trafikatzen zuen banda bat desegin dute. Barne Ministerioak jakitera eman duenez, bandak Bilbotik Bordelera eramaten zuen droga, han saltzeko.

Bandak bi adar zituen: Bizkaikoa, droga lortu eta garraiatzeaz arduratzen zena, eta Bordelekoa, marihuana jaso eta banatzen zuena. Polizia indarren arabera, 2,6 tona marihuana baino gehiago mugitu dituzte aktibo egon diren bitartean.

14 pertsona atxilotu dituzte Mariscos-Itsaski izeneko operazioan. Horietako sei Bizkaian atxilotu dituzte, eta Frantziara estraditatzeko zain daude, instrukzioa bideratu duen Bordeleko epaileak galdekatzeko. Beste zortziak Frantzian atxilotu dituzte.

Guztira 18 miaketa egin dituzte bi herrialdeetan, eta 40 kilo marihuana, ia kilo bat kokaina, 450.000 euro baino gehiago eta 50.000 dolar, gama altuko ibilgailuak eta material informatikoa atzeman dituzte.

Operazioa

Operazioa 2019ko azaroan hasi zen, Bordeleko Ikerketa Atalak gizon batek Espainiatik dozenaka kilo kalamu inportatu zituela jakin zuenean; hori dela eta, mugaz gaindiko zaintzak egin zituzten eta irteera-puntua aurkitu zuten Bilbon.

Ikertu ondoren, eta auzia bideratzeko ardura hartu zuen Bordeleko epailearen zuzendaritzapean, Gernika-Lumoko epaitegiari jarraibideak eman zizkioten eta Bouliaceko Jendarmeriak eta Bizkaiko Guardia Zibilak talde bateratu bat sortu zuten. Horrela identifikatu zituzten trafikatzaileak.

Urriaren 18an, ikertzaileek jakin zuten hiru ibilgailuz osatutako konboi bat Bilbotik ateratzen ari zela, Bordeleko kanpoaldean bizi zen narkotrafikatzaile handi batentzako marihuanarekin. Narkotrafikatzailea emaztearekin eta garraiolariekin batera atxilotu zuten, 30 kilo marihuana entregatzen ari zirenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Drogak Frantzia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak