Gizartea -
EGURALDIA
Abisu horiak larunbaterako eta iganderako, haize bortitzagatik
Abisuak larunbateko 21:00etatik igandeko 09:00etara egongo dira aktibo, orduko 100 kilometroko abiadura gainditu dezaketen haize-boladengatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du larunbat gauerako eta igande goizerako, hego-mendebaldeko haize bortitza dela eta, orduko 100 kilometroko abiadura gaindituko duten haize-boladak espero baitira.
Abisua larunbatean aktibatuko dute, 21:00etan, eta igandeko 09:00ak arte egongo da indarrean. Haizeguneetan 100 km/h-ko haize-boladak espero dira, batez ere mendiguneetan; erkidegoaren gainerako eremuetan, berriz, 60 eta 80 km/h artekoak izango dira.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak beste abisu hori bat jarriko du martxan igandean, nabigaziorako arriskuagatik, 18:00etatik gauerdira arte, 4 metrorainoko olatuak izango baitira.
Euskalmetek iragarri duenez, larunbatean, zerua oskarbi egongo da, eta arratsaldean hodei altuak ugaritu egingo dira. Tenperatura minimoak jaitsi egingo dira eta maximoak, berriz, apur bat igoko dira.
Igandean, zerua oso hodeitsu egongo da eta prezipitazio txikiak edo ertainak izango dira, eta ugaritu egingo dira arratsaldean isurialde atlantikoan. Tenperatura minimoak apur bat igoko dira, baina maximoek beherakada txikia izango dute.