Gizartea -
Elkarretaratzea
Babes ofizialeko etxebizitzetako alokairu soziala mantentzea eskatu diote Arriolari
Alokairu, Inquilinos Azora eta Kaleratzeak Stop elkarteek "presazko" bilera bat eskatu diote Etxebizitza sailburuari. Gipuzkoan babestutako alokairuak igotzearen beldur dira.
Agentziak | Erredakzioa
Alokairu, Inquilinos Azora eta Kaleratzeak Stop elkarteek Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuari eskatuko diote babes ofizialeko etxebizitzako alokairu sozialak mantentzeko, babes aldia bukatuta ere, eta pandemiaren ondorioengatik ez ordaintzeagatik izaten diren etxegabetzeen aurkako protokolo prebentiboa garatzeko.
Elkarte horiek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzaren aurrean, eta "presazko" bilera bat eskatu diote Iñaki Arriola sailburuari, Testa-Black Stone eta Azora "putre funtsak bat-batean sartzea" Benta Berriko babes ofizialeko etxebizitzetan eta Inmobiliaria Vascongadaren 320 etxebizitzetan Donostian, hurrenez hurren.
Alokairu sozialak babesten dituen epea 2021eko abuztuan bukatuko da Lasarte-Orian, urte bereko uztailean Irunen, 2022ko azaroan Zumaian, 2026ko urtarrilean Tolosan eta 2028ko uztailean Benta Berrin (Donostia).
Babes hori bukatuta, alokairuak merkatu prezioetara igotzearen edo pisuak saltzearen beldur dira etxebizitza horietako bizilagunak.
Era berean, kritikatu dute Etxebizitzaren Legea onartu eta 5 urtera "ez direla benetako iniziatibak hartu merkatu pribatuan gertatzen ari den alokairuen prezioen igoera gelditzeko eta erregulatzeko" eta "ez direla sartu indarrean hutsik dagoen etxebizitza merkaturatzeko neurriak".