Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Genero-indarkeriaren biktima bat Etxebiden inskribatu da azkenean, Arartekoari esker

Erasotzailea etxera bizitzera itzuli zenean, emakumeak etxetik alde egin behar izan zuen eraso gehiago saihesteko.

Bizilekuak Gasteizen. Artxiboko irudia: EFE
Bizilekuak Gasteizen.
Bizilekuak Gasteizen. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arartekoak eskatuta, Etxebizitza Sailak ezeztatu egin du indarkeria matxistaren biktima izan den emakume bati Etxebiden izena emateko baimena ukatu izana, emakumeak etxea utzi behar izan zuen bikotekide ohia etxebizitzara bueltatu zenean.

Arartekoak azaldu duenez, emakumea bikotekide ohiarekin dibortziorako izapideak egiten ari zen 2013tik, eta Etxebiden izena emateko eskaera egin zuenean genero-indarkeriaren biktima zela erakusten zuen egiaztagiri bat aurkeztu zuen, eta indarrean zegoen babes-agindu bat, bikotekide ohiari bien etxebizitzan bizitzea eragozten ziona.

Erasotzailea etxera itzuli zenean, emakumeak merkatu librean etxebizitza bat alokatzea erabaki zuen, eraso gehiago saihesteko.

Emakumea, bere udaletxeko oinarrizko gizarte-zerbitzuen laguntzarekin, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE ) eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) eskatzeko izapideak egiten hasi zen, eta bi aldiz saiatu zen Etxebiden izena ematen.

Etxebizitza Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak familiaren etxebizitzaren egoerari buruzko agiriak eskatu zizkion, eta, alegazioak aurkeztu arren, ez zizkioten eskaerak onartu, bete beharreko baldintzetako bat (eskaera egin aurreko bi urteetan etxebizitzarik ez izatea) betetzen ez zuelako. Erabaki horrek, era berean, Lanbidek 3.800 euro inguru erreklamatzea eragin zuen, EPO jasotzeko baldintzak betetzen ez zituela ulertzen baitzuen, Etxebiden etengabe izena emanda ez zegoelako.

Arartekoaren ustez, erasotzailearen etxebizitza berean bizitzeko ezintasuna behar bezala egiaztatu zen epai judiziala eta ezarritako babes-neurriak aurkeztuta.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatu zion Bizkaiko Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren erabakia baliogabetzeko eta emakumeari 2018ko maiatzetik etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa alta emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Arartekoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Etxebizitza