Gizartea -

KORONABIRUSA

Jaurlaritzak COVID-19aren aurkako neurri berriak iragarriko ditu gaur

Goizeko lehen orduan esparru juridiko berria aztertu dute, eta une honetan LABIren bileran neurri murriztaile berriak aztertzen ari dira. Neurriak, ostera, arratsaldean iragarriko dituzte.

LABIaren azken bileraren artxiboko argazkia.
LABIaren azken bileraren artxiboko argazkia.
Arratsaldean ezagutuko ditugu ezarriko diren neurri murriztaile berriak

1:11

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuak ezarri duen alarma egoerari esker, pandemiaren garapenari "arin eta urgentziaz" erantzuteko gai izango dira, eta hori horrela, gaur bertan neurri berriak iragarriko dituzte Euskadirako. 15:30ean hasi den LABIren bilera bukatutakoan, agerraldia egingo dute neurri berri horiek iragartzeko, eta eitb.eus-ek zuzenean emango du.

08:00etan hasi da, Lehendakaritzan, Bizi Berri Planaren jarraipen batzordearen bilera eta bertan erabaki dute Espainian ezarritako alarma egoera Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) nola aplikatuko den. 08:00etako bileran, egoera berria aztertuko dute ikuspuntu juridikotik.

Hala, LABIren bileran neurri murriztaile berriak erabakiko dituzte. Etxeratze agindua zer ordutan hasiko den edota pertsonen arteko topaketak zenbatekoak izango diren zehaztuko dute. Arratsaldean, ostera, neurri horiek iragarriko dituzte.

Bigarren kutsatze oldeari aurre egiteko neurri murriztaile "sendo" eta "argiak" iragarri ditu Jonan Fernandez Biziberri Planaren jarraipen batzordeko koordinatzaileak, batzordea bildu aurretik Euskadi Irratiko "Faktoria" programan egin dioten elkarrizketan. Jonan Fernandezek aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak iragan astean onartutako neurri guztiak ahalbidetzen ditu marko berriak.

Jonan Fernandez: "Egintzat jo daiteke sei lagunetik gorako topaketak eragotziko ditugula". Halaber, etxeratze agindua egokitzeko aukera aipatu du.

Neurri horiek ahal den "egokienak, proportzionatuenak eta orekatuenak" izango direla jakinarazi du Lehendakaritzak ohar baten bidez.

Alarma egoerak EAEko Gobernuari larrialdi egoerari azkartasunez erantzuteko behar duen "aginpidea" ematen diola adierazi dute.

"Ardura indibiduala eta kolektiboa" aldarrikatu ditu Jaurlaritzak eta neurriak ahalik eta proportzionalenak izango direla iragarri du.

Bizi Berri Planaren Batzorde Aholkularia egoera epidemiologikoa etengabe aztertzen ari dela gogorarazi dute eta alarma egoera aldarrikatu ondoren, batzordeak neurri berriak jarriko ditu, beraz, mahai gainean.

Iñigo Urkullu lehendakariak jada hitz egin omen du Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentearekin baita alderdi politiko ezberdinen buruekin ere.

Alarma egoera ezarri eta biharamunean Presidenteen Biltzarra egingo dute

Koronabirusaren bigarren olatuari aurre egiteko Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri eta biharamunean Presidenteen Biltzarra egingo dute. Bilera telematikoa izango da eta 10:00etan hasiko da.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta autonomia erkidegoetako presidenteek parte hartuko dute. Halaber, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere batzarrean parte hartuko du.

Batzarrean aztergai izango dute pandemiaren ondorioei aurre egiteko Espainiak Europar Batasuneko funtsetatik datozen urteetan jasoko dituen 140.000 milioi euroak nola banatu. Autonomia erkidegoek zeresan handia izango dute diruaren banaketan eta horregatik deitu dute gaurko Presidenteen Biltzarra.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Bigarren alarma-egoeraren amaiera LABI Euskadi