Gizartea -
Alarma egoera
Etxeratze aginduan Kantabria eta Euskadiren arteko koordinazioa eskatu du Revillak
Haren ustez, Urkulluk etxeratze agindua gauerdia orduko ezarriko balu, areagotu egingo lirateke Euskadi eta Kantabria arteko joan-etorriak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mugakide diren autonomia erkidegoen arteko koordinazioa defendatu du Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak astelehen honetan, birusari aurre egiteko. Hain zuzen ere, haren hitzetan, interesgarria litzateke mugakide diren erkidegoek etxeratze agindua ordu berean ezartzea, eta horixe bera eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari.
Gauerditik 06:00etara murriztuko dute mugikortasuna Kantabrian, ostalaritzan ondorioak arintze aldera. Izan ere, 23:00etan itxiko dituzte taberna eta jatetxeak bertan.
Presidenteen Biltzarra bukatutakoan eman duen prentsaurrekoan, Revillak esan du ez litzatekeela zentzuzkoa izango etxeratze agindua 23:00etan ezartzea, jatetxeek ordu horretan itxiko badute.
Kantabriako presidenteak aurreratu du dagoeneko hitz egin duela Iñigo Urkullu lehendakariarekin, eta Euskadirako ere "antzeko neurriak" eskatu dizkiola.
Revillaren esanetan, Urkulluk etxeratze agindua gauerdia orduko ezarriko balu, areagotu egingo lirateke Euskadi eta Kantabria arteko joan-etorriak, batez ere, asteburuetan.
Igandean alarma egoeraren alde agertu zen Revilla, eta gaur argi utzi du garrantzitsuena ez dela "epea, edukia baizik", alegia, dekretu berriak ez duela autonomia erkidegoetan mugarik jartzen.