Gizartea -

SANTO TOMAS

Bilboko Konpartsak elkarteak ez du ekitaldirik egingo San Tomas egunean

Konpartsek ez dute ekitaldirik antolatuko abenduaren 21ean, COVID-19ak eragindako egoera dela eta. Azaldu dutenez, “prebentzioa eta elkar-zaintza printzipioak kontuan izanik” hartu dute erabakia.

Konpartsakideak Santo Tomas eguneko azokan. Argazkia: Bilboko Konpartsak
Konpartsakideak Santo Tomas eguneko azokan.
Konpartsakideak Santo Tomas eguneko azokan. Argazkia: Bilboko Konpartsak

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Konpartsen Federazioak San Tomas eguneko azokan, abenduaren 21ean, ekitaldirik ez antolatzea erabaki du. Gaur egungo osasun egoera dela eta, konpartsek ez dute sukaldaritza edota kultur programaziorik antolatuko Bizkaiko baserritarren egun nagusian.

"Bertoko ekoizpenaren zein elikadura-eredu burujabe baten aldeko apustua egiteko", Bilboko konpartsek San Nikolas elizaren ingurua dinamizatzen dute urtero. Bertan, umeentzako emanaldiak, bertsoak, txalaparta, erromeria, kantu-kalejira eta bertako janari eta edariak eskaintzen dituzte.

Gaur egun bizi dugun pandemiak, baina, datorren abenduaren 21erako ekitaldirik ez antolatzeko erabakia hartzera eraman ditu konpartsak. Azaldu dutenez, "prebentzioa eta elkar-zaintza printzipioak kontuan izanik" hartu dute erabakia.

Bilboko Konpartsak elkarteak abuztuan aurreratu zuen San Tomas eta Aratusteak ez zirela erronka errazak izango COVID-19aren ondorioz, eta, orduan egin zuen bezala, "jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak" babesteko eta, koronabirusaren egoerak eragindako krisi ekonomikoaren aurrean, zerbitzu publikoak babesteko deia egin du berriz. Konpartsek lehen sektorea eta elikadura burujabetza babesteko ere eskatu diote gizarteari; izan ere, "bertoko ekoizle txikien elikagaiak kontsumitzeak garrantzi handia izango du ingurumena eta gure inguruko herrietako bizitza sozio-ekonomikoa eta linguistikoa babesteko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo San Tomas Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Merkataritza Koronabirusa Azokak