Gizartea -

Koronabirusa

Macronek beste konfinamendu bat iragarri du Frantziako Estatu osorako

Neurria ostiralean, hilaren 30ean, sartuko da indarrean, eta gutxienez hilabete iraungo du, abenduaren 1era arte. Eskolak irekita egongo dira; ostalaritza, itxita.

Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidentea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Efe
Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidentea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Efe
Macronek hilabete baterako itxialdia ezarri du Frantzian

1:13

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteak iragarri du estatu osoa konfinatuko duela, martxoan baino neurri arinagoekin, pandemiaren zabalkundea gelditzeko asmoz.

"Kutsatzeak bortizki geratu" behar dira ospitaleek gainez egin ez dezaten, Macronek telebistaz emandako agerraldi batean azaldu duenez.

Agintariak zehaztu duenez, ostiralean, hilaren 30ean, sartuko da indarrean konfinamendua, eta "gutxienez" hilabete iraungo du, abenduaren 1a arte. Arduraz jokatzea eskatu die herritarrei, bigarren olatua mantsotzeko, eta "lehenengo olatua baino gogorragoa eta hilkorragoa" delako.

"Birusa Frantzian barreiatzen ari da aurreikuspen ezkorrenak baino are azkarrago. Aitortu behar dugu, gure bizilagunei bezala, guri ere gainez egin digula pandemiaren bizkortzeak", azaldu du Macronek audientzia altueneko garaian egin duen agerraldian.

Macronek zehaztu du eskolak irekita egongo direla, telelana sustatuko dela, eta zaharren egoitzetako eta mendekotasunak dituzten pertsonak zaintzeko zentroetako bisitak baimenduta egongo direla.

"Fabrikek, nekazaritza ustiategiek eta obra publikoek martxan jarraituko dute. Ekonomia ez da gelditu behar, ez du hondoa jo behar", adierazi du. "Oinarrizkoak ez" diren lokalen artean, taberna eta jatetxeek itxita egon beharko dute.

Macronek azpimarratu du Europako mugak irekita egongo direla, baina "kanpokoak, salbuespenak salbuespen, itxita". Atzerrian dauden herritarren kasuan, itzultzeko aukera izango dute, eta test azkarrak egingo dizkiete iristen direnean.

Frantziako Gobernuak 15 egunean behin aztertuko du pandemiaren egoera, eta unean-unean erabakiko du murrizketa gehiago jarri behar diren edo, egoerak hobera egiten badu, neurri batzuk altxatuko diren.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Frantzia Baiona Biarritz Maule Donibane Garazi Hendaia argazkiak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Emmanuel Macron Zuberoa albisteak Koronabirusa Nafarroa Behereko azken ordukoa Frantziako Gobernua