Gizartea -
PHISHING
Osasun Ministerioaren izenean mailez egiten ari diren iruzurraz ohartarazi dute
Biktimek mezu elektroniko bat jasotzen dute Osasun Ministerioaren izenean, COVID-19arekin lotutako informazioarekin. Ministerioak mezu horiek ezabatzea eta fitxategiak ez deskargatzea gomendatzen du.
EITB.EUS
Osasun Ministerioak ohartarazi duenez, Ministerioaren izena baliatuz mezu elektroniko maltzurrak modu masiboan bidaltzeko egiten ari den kanpaina atzeman dute. Biktimek koronabirusa, COVID-19a, alarma-egoera eta horrekin lotutako beste termino batzuk dituzten mezuak jasotzen dituzte.
Horren esanetan, iruzurra egiteko Ministerioaren irudi korporatiboa bikoizten dute eta aurretik sortuta dauden domeinuak erabiltzen dituzte; mscbs.gob.es, esaterako. Ministerioak gogorarazi duenez, ez da mezurik bidaltzen domeinu horretatik, eta, beraz, domeinutik datozen helbide guztiak faltsuak dira.
Zer egin horrelako mezu elektroniko baten aurrean?
Horrelako mezuren bat iristen bazaigu, ezabatu eta ez deskargatu erantsitako fitxategirik, ezta esteka horien gainean klik egin ere. Gainera, oro har, honako hau gomendatzen da:
• Ez ireki erabiltzaile ezezagunen mezurik, edo eskatu ez duzunik, eta zuzenean ezabatu.
• Ez erantzun inola ere mezu horiei.
• Kontuz ibili posta elektronikoen bidez jasotako estekekin, bidaltzailea ezaguna bada ere.
• Kontuz ibili posta elektronikoen bidez jasotako fitxategiak deskargatzerakoan, bidaltzailea ezaguna bada ere.