Gizartea -
OSASUNA
EAEko osasun-gastua % 4,7 igo zen 2019an
Gastu honen finantzaketan sartzen dira administrazio publiko guztiak, nahitaezko osasun-aseguruak, borondatezko osasun-aseguruak eta etxeetako ordainketa zuzena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko osasun-gastu arrunta 7.042 milioi eurokoa izan zen 2019an, 2018an baino % 4,7 handiagoa, eta biztanleko gastua 3.216 eurora iritsi zen, hau da, % 4,4 igo zen, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera.
Osasun gastuok osasunerako ondasunen eta zerbitzuen azken kontsumoa neurtzen dute; hau da, edozein eragile finantzatzailek egindako gastu arruntak. Gastu horren finantzaketan sartzen dira administrazio publiko guztiak, nahitaezko osasun-aseguruak, borondatezko osasun-aseguruak eta etxeetako ordainketa zuzena.
2010-2019 tartean, gastu arruntaren % 2,5 hazi da urteko batez bestekoa, baina, Institutuaren arabera, azken hiru urteetan izan da hazkunde-tasa handiena, % 4tik gorakoa. Horrela, 2017an tasa % 4 igo zen, 2018an % 4,8 eta 2019an % 4,7.
2019an egindako 7.042 milioiko gastua BPGaren % 8,9 izan zen urte horretan, aurreko urtean baino ehuneko hamarren bat gehiago; biztanleko ratioak ere gora egin zuen aurreko urteekin alderatuta, eta biztanleko gastua 3.216 eurokoa izan zen, hau da, 2018an baino % 4,4 handiagoa.
Administrazio publikoa
Finantzaketa-motari erreparatuta, gastu arrunteko 7.042 milioi euroetatik, administrazio publiko eta nahitaezko osasun-aseguru guztiei 4.849 milioi euro egokitu zitzaizkien 2019an, 2018an baino % 5,2 gehiago, eta borondatezko osasun-aseguruetarako eta etxeetako ordainketa zuzenetarako, guztira 2.193 milioi euro, hau da, aurreko urtean baino % 3,5 gehiago.
Ildo horretan, Eustatek adierazi du 2010etik aurrera borondatezko osasun-aseguru eta etxeetako ordainketa zuzenei dagokien zenbatekoaren hazkundea handiagoa izan dela administrazio publiko eta nahitaezko osasun-aseguru guztiena baino.
Osasunera bideratutako gastuaren aldakuntzak ELGAko batez bestekoaren antzeko bilakaera izan du EAEn.
Osasun-laguntza
Funtzioen araberako gastuaren banaketari dagokionez, EAEn sendatzeko osasun-laguntzak jarraitzen du pisurik handiena izaten: 2019an gastu arruntaren % 56,5 izan zen, eta % 6,9 igo zen 2018ko datuekin alderatuta.
Garrantziari dagokionez, bigarren funtzioa mediku-produktuei dagokiena da, hala nola farmazia-produktuei edo protesiei, gastu arruntaren % 16,5 izan baitzen. 2018. urtearekin alderatuta igoera apalagoa izan zen (% 1,1).
Hirugarrenik, egonaldi luzeko osasun-laguntzako gastua, mendekotasuna duten pertsonei osasun-arreta emateko gastua barne, gastu arruntaren % 16,1 izan zen, eta % 1,9 igo zen 2018arekin konparatuta.
Ospitaleratzearen eta albulatorioko eta etxez etxeko arreta bidezko osasun-laguntza motaren zehaztasunak adierazten du 2010 eta 2019. urteen artean anbulatorioko zainketan, kanpo-kontsultetan eta eguneko ospitaleratzean egindako gastua % 4,2ko urteko batez besteko tasa metagarrira igo dela, ospitale-laguntzara eta etxez etxeko laguntza-zaintzara bideratutakoaren gainetik, % 2,2 eta % 1,5 igo baitira, hurrenez hurren.