Publizitatea
Itxi

2020/10/30

21:33

Gizartea

Bizkaia

Aske utzi dituzte Bilboko istiluetan atxilotutako sei pertsonak

EITB.EUS

Istiluak etxeratze-aginduaren eta maskara erabiltzearen aurka zandako mobilizazio batean gertatu ziren. Lehendakariak salatu du istilu horiek ere "terrorismoa" direla.

0:31
Istiluak, Bilbo erdialdean
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ostegun gauean Bilboko erdigunean izandako istiluetan atxilotutako sei pertsonak aske utzi dituzte. Horietako bat atzo geratu zen libre, adingabea delako, eta, gainerakoak, gaur utzi dituzte aske, epailearen aurrean eraman eta gero. Desordenak eta agintaritzaren aurkako atentatua egitea eta koronabirusaren aurkako neurriak urratzea egotzi diete.

Hain zuzen ere, etxeratze-aginduaren eta maskara erabiltzearen aurka izandako mobilizazio batean gertatutako istiluetan atxilotu zituzten seiak.

ETBk jakin izan duenez, atxilotuetako lauk aurrekariak dituzte, istiluengatik edota indarkeria matxistagatik.

Istilu horien ondorioz, beste hiru pertsona daude ikerketapean, desordena publikoak egotzita.

COVID-19aren pandemiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileen aurkako elkarretaratzea 21:30ean abiatu zen Indautxu plazan. Deialdia sare sozialen bidez egin dute, baina ez zegoen aurretik jakinarazita, Ertzaintzak Radio Euskadiri jakinarazi dionez.

Ertzaintza bertaratuzenean istiluak hasi ziren eta manifestariak inguruko kaleetan barrena abiatu ziren, bidean topatutako zabor-ontziei su emanez. 20 bat kontainer kiskali zituzten.

Hainbat manifestarik jarrera "erasokorra" erakutsi zutela esan du Segurtasun Sailak. Ertzaintzak sei pertsona atxilotu zituen.

Istiluak 23:30 inguruan amaitu ziren Bilbon erdigunean, baina Ertzaintzak ingurua zaintzen jarraitu zuen gau osoan.

Bart gaueko gertaerak ere "terrorismoa dira", Urkulluren ustez

Iñigo Urkullu lehendakariak salatu duenez, bart gaueko gertaerak ere "terrorismoa dira, herritarren osasunari eta ongizateari eraso egitea terrorismoa delako". Hori horrela, "erabat" gaitzetsi du jazotakoa.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak hedabideen aurrean gaur adierazi duenez, Ertzaintza Bilboko protestan parte hartu zutenen ''profila'' ikertzen ari da:

Bilboko istiluetan parte hartu dutenen "profila" ikertzen ari da Ertzaintza, horietako batzuek antzeko gertakariengatik "aurrekariak" dituztelako. Gainera, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azaldu duenez, mobilizazioko irudiak berehala zabaldu ziren sare sozialetan eta "ez hain justu ezker abertzaleari lotutako" profiletan.

Josu Erkorekak Eusko Legebiltzarrera iristean hedabideen aurrean egindako adierazpenetan esan duenez, istilu horiengatik atxilotutako sei lagunei desordena publikoa egotzi diete.

Gainera, ez omen dirudi pertsona horiek erakunde politiko batekin "lotura zuzena" dutenik. "Ez dirudi lotura hori dagoenik", gaineratu du sailburuak. Nolanahi ere, azpimarratu du protesta barrutik grabatutako bideo batzuk "berehala" agertu direla sare sozialetan, eta ez direla "hain zuzen ere" ezker abertzaleari lotutako profilak.

Dena dela, Ertzaintzak parte-hartzaileen profila eta mobilizazioaren "zentzua" aztertu behar dituela nabarmendu du.

30.000 euroko kalteak

Azkenik, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan du atzo Indautxu plazan gertatutakoa "delinkuentzia hutsa" dela, "onartezina da", erantsi du. Manifestariek dozenaka edukiontzi erre zituzten eta kalteak eragin hainbat ibilgailutan. Aburtoren esanetan, 30.000 eurokoak dira kalteak.

Alkateak argitu duenez, "atxilotutako batzuk ez dira bilbotarrak, Bilbora etorri dira delituak egitera, eta euren profilari buruz esan dezakegu batzuk gaizkileak direla".

Aburto: "Atxilotutako batzuk ez dira bilbotarrak, Bilbora etorri dira delituak egitera"

Era berean, azaldu du ikerketa "zabalik" dagoela, eta istiluen "irudi asko" dituztenez, litekeena dela "atxiloketa gehiago egitea".

sdff

Beste deialdi bat larunbat honetan

Negazionista talde honek beste protesta deialdi bat egin du larunbat honetarako Bilbon. Deialdi hori, atzokoa bezalaxe, sare sozialen bitartez zabaltzen ari dira, eta leku eta ordu berean egiteko asmoa dute, hau da, 23:30ean Indautxu Plazan, Europa Pressek Ertzaintzako iturrietan oinarrituta zabaldu duenez.

Gaueko aisialdiarekin lotutako jendea omen da talde antolatzailea, jarrera "oldarkorra" izan ohi duena.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena