Gizartea -

PARLAMENTO EN LAS ONDAS

Negazionisten liskarrak gaitzetsi eta neurriak betetzeko eskatu dute euskal alderdiek

Urkullu lehendakariak "terrorismo" terminoa erabili izana ere kritikatu du EH Bilduk. Termino hori "ikuspegi moral ez juridikotik" erabili zuela defendatu du EAJk.

Parlamento en las Ondas, larunbat honetan.
Parlamento en las Ondas, larunbat honetan.
Parlamento en las Ondas, larunbat honetan.

play icon 57:56

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragan ostegunean, negazionistek Bilbon eragindako istiluak gaitzetsi dituzte EAEko alderdiek, eta osasun neurriak betetzen jarraitzea eskatu diete herritarrei. Hala ere, lehendakariak gertatutakoa definitzeko "terrorismo" hitza erabili izana kritikatu du EH Bilduk. EAJk, ostera, "ikuspegi moraletik eta ez juridikotik" hitza erabiltzea defendatu du.

COVID-19aren pandemia aztertu dute legebiltzarkideek Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan, baita gaixotasunari aurre egiteko neurriak ere. Era berean, iragan ostegun gauean, Bilbon, negazionistek egindako elkarrataratzea hizpide izan dute ordezkari politikoek. Protestan, sei pertsona atxilotu zituzten.

Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkidearen hitzetan, neurriak “zentzuzkoak” dira eta, nahiz eta “amorragarriak” izan, herritarren gehiengoak betetzen ditu. Bestalde, lehendakariak Bilboko liskarrak definitzeko terrorismo kontzeptua erabili izana defendatu du Telleriak, “ikuspegi moraletik, ez juridikotik” egin zuelako. Negazionisten mobilizazioak “antolatuak” direla eta zentzurik ez dutela azpimarratu du jeltzaleak.

“Begi-bistako askatasun falta batengatik protesta egin ahal dute, baina osasuna defendatzen saiatzeko da, beraz, logikoa. Hala ere, zerbait antolatua da, Estatuko beste zenbait tokitan gertatu bezala, eta horri ikuspegi guztietatik aurre egin behar zaio, moralki eta sozialki gaitzetsiz”, azaldu du. “Kalera modu horretan ateratzea osasunarekin jolastea da, eta edukiontziak erretzea jabetzarekin jolastea”, erantsi duenez.

Bilboko liskarrak gaitzetsi ditu Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak, baina lehendakariak terrorismotzat jotzea arbuiatu du. Casanovaren ahotan, Urkulluk “irrist egin eta gehiegi esan zuen”. “Prebarikazioagatik epailea gaitasungabetzea eskatuko duela suposatzen dut orain; izan ere, atxilotuak aske utzi ditu beste akusazio batzuk egotzita”, adierazi du. “Hitzak erabiltzeko orduan zehatzak izan behar gara, konnotazio politiko, etiko, moral eta juridikoak dituztenean”, gaineratu du.

Negazionistei dagokionez, XXI. mendean, paradoxikoa da Lurra laua dela defendatzen duen jendea egotea, eta jarrera “errealitatea aldatzea” izan behar da, “eta ez mundu paraleloak asmatzea”. “Guztiek txerto bat nahi dugu berehala, baina ezagutza zientifikoa esperimentuan eta ikerketan datza”, gogorarazi du. Guzti horregatik, lasaitasuna eta erantzun “zibiko eta eredugarria” eskatu ditu. Osasun neurriak betetzeagatik “ez gara artaldea”, nabarmendu duenez.

Gloria Sanchez PSE-EEko ordezkariak egoera “kezkagarria” dela onartu du, birusak “ez du atsedenik” ematen eta, horregatik, neurriak hartu behar dira, baina “aurreneko sei hilabeteetan gogorragoak izan ziren”, gogorarazi duenez. “Guztiok erantzukizun pertsonalarekin bete behar ditugu. Etxetik atera gaitezke, baina zibismoarekin eta erantzukizunarekin”, erantsi duenez.

Bilboko istiluak gaitzetsi ondoren, osasun neurriak betetzeari uko egiten dionik egotea “ulertezina” dela esan du. “Oraindik pandemia zabaltzen ari da eta jarrera hori arduragabea da, eta ez da solidarioa. Deialdiak sare sozialetan nork egiten dituen egiaztatu beharra dago, erantzukizunak eskatzeko”, adierazi du. Horrela, “segurtasun neurriak betetzen dituzten” protesta “legitimoen” eta “liskar onartezinen” artean bereizi behar dela uste du sozialistak.

David Soto Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak esan duenez, COVID-19ak eragindako salbuespen egoerari “oinarrizko eskubide batzuk mugatzeko salbuespena” gehitu behar zaio. Gutxiengo soziala kalera ateratzeko eta “astakeriak” egiteko arriskuaz ohartarazi du. “Irizpide zientifikoek prebentziorik handiena harreman falta dela esan dute dagoeneko”, gaineratu duenez.

Bestalde, terrorismo kontzeptua erabiltzeak “eztabaida estaltzen” duelako, kezka agertu du. “Gertakarien gaitzespena mahai gainean dago, baina eztabaida semantikoak ez du nahastu behar”, zehaztu du.

Azkenik, Laura Garrido PP+Cs koalizioko ordezkariak egoera “larria eta zaila” dela adierazi du, eta horrek neurri “zorrotzak” hartzera behartzen du. Garridoren esanetan, talde parlamentarioak neurriak beti babestuko ditu, “irizpide zientifiko eta tekniko zorrotzak baldin badituzte, baina beti ez da horrela izaten”. Zentzu horretan, duela gutxi arte Eusko Jaurlaritzak “konfinamendu perimetralak erabilgarriak” ez zirela esaten zuen, gogorarazi duenez; horregatik, “mezuak ez dira aldakor eta kontraesankorrak izan behar”.

Azkenik, Bilboko “istilu larriak guztiz gaitzesgarriak” dira, eta terrorismo delitua Zigor Kodean jasota dago ezaugarri zehatzekin, erantsi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bilbo Bizkaiko albisteak EAE albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Bigarren alarma-egoeraren amaiera