Gizartea -
BILBO
Gizon bat atxilotu dute hemeretzigarrenez Bilbon emakume bati ostu eta erasotzeagatik
Biktimak Ertzaintzarenean salatu duenez, gizon batek mugikorra lapurtu dio Rodriguez Arias kaleko taberna batean, eta telefonoa berreskuratzen saiatu denean hainbat ukabilkada eman dizkio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du hemeretzigarren aldiz, taberna batean emakume bati mugikorra ostu, eta, biktima sakelakoa berreskuratzen saiatu denean, eraso egiteagatik.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 22:00ak aldera, Bilboko Rodriguez Arias kalera patruila bat bidaltzeko eskatu dute, gizon bat emakume bati erasotzen ari zelako. Bertara heldutakoan, lekukoek agenteei esan diete Campuzano plazarantz zihoan gizonak emakume bati mugikorra lapurtu diola.
Susmagarria atzeman eta atxilotu ondoren, emakume bat Ertzaintzaren egoitzara joan da, taberna batean edari bat hartzen ari zela gizon batek mugikorra mahai gainetik lapurtu diola salatzeko. Biktimaren arabera, lapurrari jarraitu eta mugikorra berreskuratzen saiatu denean, gizonak hainbat ukabilkada eman dizkio.
Azken hau zenbatuta, Ertzaintzak 19 aldiz atxilotu du gizona. Gaur bertan utzi dute epailearen esku.