Gizartea -
Koronabirus
Ertzainek eta udaltzainek 1.190 salaketa jarri dituzte asteburuan arau-hausteengatik
15 pertsona atxilotu edo ikertu dituzte, eta beste 35 identifikatu, ukatzaileen elkarretaratzeen ostean izandako desordena publikoak leporatuta.
agencias | redacción
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 1.190 salaketa jarri dituzte koronabirusaren aurkako osasun arauak urratzeagatik iragan asteburuan. Kopuru horren ia erdia, 495 hain zuzen ere, ordutegiari edo mugikortasunari dagozkion arauak urratzeagatik jarri dituzte.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontrolak areagotu dituzte asteburuan jendea herritik eta erkidegotik atera ez zedin, eta gainerako osasun arauak betearazteko, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Zaintza dispositibo horien ondorioz, 495 salaketa jarri dituzte mugikortasunaren edo gehienez 6 pertsona elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik. Musukoa ez erabiltzeagatik edo gaizki erabiltzeagatik, berriz, 370 salaketa jarri dituzte. Beste 18 salaketa garraio publikoan edo pribatuan ez erabiltzearren izan dira.
Kalean alkohola edateagatik ere arau-hauste dezente izan dira, 111 hain zuzen ere. Gainerakoek, berriz, bi metroko distantzia zaindu gabe kalean erretzeagatik edo bestelako urraketengatik jaso dute salaketa.
Lurraldeka, Bizkaian izan dira gehienak, 706; Gipuzkoan, 313; eta Araban, 171.
Bestalde, Ertzaintzak 15 pertsona atxilotu edo ikertu ditu, eta beste 35 identifikatu, ukatzaileen elkarretaratzeen ostean izandako desordena publikoak leporatuta.