Gizartea -
Zientzia euskadin txostena
Ekoizpen zientifikoa % 6,3 igo da 2019an, 6.600 argitalpenen muga gaindituta
Azken bost urteetako hazkunderik handiena izan da. EHU izan da ekoizpen horren buru, 3.600 argitalpen plazaratu baititu.
EITB.EUS
Euskadiko ekoizpen zientifikoa % 6,3 handitu da azken urtean, 6.657 argitalpen zientifiko kaleratuta, Zientzia Euskadin 2020 Txostenak jasotako datuen arabera. Azken bost urteetako hazkunderik handiena izan da, eta duela 10 urte izandakoaren halako bi da, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak nabarmendu duenez.
Bildarratzekin batera, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea eta Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa izan dira txostenaren emaitzak aletzen.
Txostenak jasotzen duenez, ekoizpen zientifiko horren kalitatea ere hazi egin da azken urteetan, eta bi alor dira horren erakusle. Batetik, ospe handienekotzat jotzen diren lehen kuartileko aldizkarietan argitaratutako ekoizpen zientifikoaren portzentajea etengabe hazi da Euskadin azken hamarkada honetan. Egun, lehen kuartileko aldizkariei dagokien ekoizpen zientifikoa % 59 ingurukoa da.
Bestetik, ikerketen emaitzak argitaratzerakoan, Euskadiko ikertzaileek lankidetzan dihardute munduko eragile zientifiko nagusiekin: Ameriketako Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia. Euskadiko ekoizpen zientifikoaren nazioartekotzea ia % 20 hazi da azken hamarkadan. Nazioarteko lankidetzaz landutako euskal argitalpenek 2008 urtean % 35a zen, eta 2019 urtean % 54raino igo da. Nazioarteko lankidetza horietan, Euskadiko ikertzaileek nagusitasunezko posizioa dute, eta kasu askotan, argitalpenen egile nagusiak dira.
Sektorekako ekoizpenari dagokionez, Euskadiko zientzia-ekoizpen osoaren % 65 euskal unibertsitateei dagokie —EHU da buru, 3.600 argitalpenekin—, eta jarraian kokatuta daude osasun sektorea eta zentro teknologikoak.
Morais, Bildarratz, Cossio eta Esquisabel, txostenaren aurkezpenean. Argazkia: Irekia
Aipagarria da, era berean, Euskadik bere ikerketa bultzatzeko 690 milioi euro lortu dituela Europatik 2014 eta 2019 urteen artean.
2018ko datuen arabera, 20.250 pertsona daude (100 langileetatik ia 2) Euskadin ikerketa lanetan.
Horrez gain, Euskadi da Barne Produktu Gordinaren (BPG) portzentaje gisa I+G (ikerketa eta garapena) jardueretan gehien inbertitzen duen Espainiako Estatuko autonomia erkidegoa, % 2tik gertu. Eustatek argitaratutako 2018ko Euskadiko I+G inbertsio datuek % 4ko hazkundea adierazten dute aurreko urtearen aldean, 1.423 milioi eurora iritsi arte, inoizko daturik altuena.