Gizartea -
Demografia
Euskaldunak gutxiago eta beranduago ezkontzen dira
Ezkonberrien adina 8,1 urte handitu da azken 25 urteotan, eta dibortzioek eta ezkontza zibilek ere gora egin dute.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Estatistika Erakundeak egin duen azken ikerketa demoskopikoaren arabera, euskaldunak gutxiago eta beranduago ezkontzen dira. 2019. urtean, 7.471 ezkontza egin ziren, aurreko urtean baino % 3,7 gutxiago. Ordea, EAEn bizi diren pertsonak eta heterosexualak bakarrik kontuan hartuz gero, baina, 285 ezkontza gutxiago izan dira.
Eustatek adierazi duen moduan, ezkontideen batez besteko adina estatistikak argitaratzen direnetik inoiz izan den handiena da, eta datu horiek desberdinak dira sexuaren arabera: batez beste, gizonak 37,7 urterekin ezkontzen dira eta, emakumeak 35,7rekin. Gauzak horrela, ezkonberrien adina 8,1 urte handitu da azken 25 urteotan.
Dibortzioek ere gora egin dute; gizonezkoen artean, % 68,9 egin dute gora 2005etik, 1.044 izan baitira. Emakumezkoen kasuan, % 62,6 hazi da dibortzioen tasa, 1.003 izan baitira iaz.
Eustaten arabera, heterosexualen arteko ezkontzen % 90 zibilak izan ziren iaz, aurreko urtean baino % 2,2 gehiago. Datu honen bilakaera adierazgarria da; izan ere, 1990ean ezkontza zibilak % 25 ere ez ziren.
Ezkondu eta EAEtik kanpo bizitzera joan ziren bikoteek Nafarroa, Kantabria edota Madril aukeratu zuten. Hain zuzen ere, 369 bikote joan ziren kanpora bizitzera. Arabarrek Burgos, Errioxa eta Madril dituzte gogokoen; bizkaitarrek Kantabria eta Madril atsegin dute, eta Gipuzkoako bikoteek Nafarroa eta Madril aukeratzen dituzte.
Beste alde batetik, bietako bat kanpotarra den bikoteen kasuan, % 19 hazi da kopuru hori, 1.485 bikotera arte zehazki. Ezkontza horien % 45,7n emakumeak dira kanpotarrak, eta emakume horien ia % 75 amerikarra da. Gizonen kasuan, % 20,6 izaten da kanpotarra; amerikarrak (% 38,3) eta europarrak (% 33,3) dira gehienbat.
Bi bikotekideak atzerritarrak diren kasuetan, amerikarrak dira, oro har, eta afrikarrak dira zerrenda horretan hurrengo.