Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia larunbatera arte luzatu dute haize-bolada bortitzengatik
Haizeak zakarrago joko du Arabako lautadaren ekialdean, Gipuzkoako barnealdean eta Bizkaiko barnealdearen ekialdean. Ufadek 100 kilometro orduko abiadura gainditu dute Orduña, Oiz eta Zaldiaranen.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Klimatologia Zuzendaritzak abisu horia larunbatera arte luzatzea erabaki du haize-bolada bortitzengatik. Azken orduetan 115 kilometro orduko ufadak izan dira Orduñan eta 110 kilometrokoak Oizen (Bizkaia), Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ostiral honetan, haizeagatik abisu horia indarrean egongo da 24:00ak arte. Haize guneetan, hego-ekialdeko boladek 100 kilometro orduko abiadura gainditu ditzakete, bereziki mendietan eta gauean. Babes guneetan, ostera, 80 kilometroko abiadura gainditu dezakete, batez ere ekialdean eta gauean.
Haizeak zakarrago joko du Arabako lautadaren ekialdean, Gipuzkoako barnealdean eta Bizkaiko barnealdearen ekialdean.
Larunbata
Era berean, larunbatean, abisu horia indarrean egongo da 00:00etatik 06:00etara. Hego-ekialdetik joko duen haizeak 100 kilometro orduko abiadura gainditu dezake ekialdeko mendialdeetan. Babes guneetan, aldiz, 80 kilometro orduko ufadak izan daitezke, bereziki ekialdean.
Azken orduetan, 115 kilometro orduko boladak izan dira Orduñan, 110ekoak Oizen (Bizkaia) eta 102koak Zaldiaranen (Araba). Babes guneetan, 81 kilometro orduko ufadak izan dira, Zizurkilen eta Ordizian (Gipuzkoa) esaterako.