Gizartea -

Koronabirusa

Positiboak beheraka Nafarroan, EAE %11,45eko positibitatera iritsi den egunean

330 kasu berri atzeman ziren atzo Nafarroan, urriaren 6tik izan den kopuru txikiena. Euskadin, berriz, 1.445 kasu berri atzeman dira. Osasun Sailburuak kontaktuak gutxitzeko eskatu du berriz ere.

Osasun langile bat PCR probak egiten. Argazkia: EFE
Osasun langile bat PCR probak egiten.
Inoizko positibitaterik handiena izan da Euskadin: testen % 11,45ek eman du positibo

1:30

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan jakitera eman duenez, atzo 12.618 COVID-19 proba diagnostiko egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 1.445 positiboak izan ziren ( % 11,45eko positibotasuna).

Lurraldeka, 158 kasu atzeman ziren Araban, 641 Bizkaian, 638 Gipuzkoan eta 8 Euskaditik kanpokoen artean.

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 84 pertsona ospitaleratu zituzten COVID-19arekin, eta ZIUetan 119 pertsona daude une honetan.

Udalerrietako datuak eta RO indizeari buruzko datu zehatzak ez dira astelehenera arte jakinaraziko.

Koronabirusaren bilakaera epidemiologikoak gora egin du berriz ere, beraz, eta osasungintzak jasaten duen presioa gero eta handiagoa da.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren arabera, "datu horiek berretsi egiten dute Eusko Jaurlaritzak birusaren transmisioa eteteko helburuz hartutako neurri berrien egokitasuna".

"Osasun-sistemaren kolapsoa saihestu eta Gabonetara ahalik eta baldintzarik onenetan iritsi nahi badugu, gaur eta orain jardun behar dugu. Gure bizitza soziala eta mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko eskatzen diet pertsona guztiei, bestela konfinamendura kondenatuta egongo gara " adierazi du Osasun sailburuak.

Positiboek behera egiten jarraitzen dute Nafarroan

Txanponaren beste aldean, COVID-19 kasu positiboek behera egin dute berriro ere Nafarroan, eta 330 kasu atzeman dituzten 24 ordutan, Nafarroako Gobernuak zabaldutako eguneko behin-betiko datuen arabera.

Atzo 4.208 proba (2.265 PCR eta 1.943 antigeno-test) egin ziren, eta positibotasun tasa % 7,8koa izan zen.

Atzokoa da urriaren 6tik kutsatze kopuru txikiena atzeman den eguna.  Orduan 253 kasu atzeman ziren, eta goranzko joera hasi zen, urriaren 24ko 698 positiboen errekorrera iritsi arte.

Gorabeherekin bada ere, Nafarroan beheranzko joera antzematen da azken egunotan.

Ospitaleratzeei dagokionez, COVID-19ari lotutako 25 ospitaleratze gehiago izan ziren atzo Nafarroan, horietako 3 ZIUn, eta 7 heriotza izan ziren, 75 eta 98 urte bitarteko lau emakumerenak eta hiru gizonenak. Guztira, 755 pertsona hil dira Nafarroan, pandemia hasi zenetik.

Iruñean eta eskualdean atzeman zituzten positibo berrien % 47, Tutera  inguruan % 21 eta Lizarraldean % 13. Gainerako positiboak ( % 19) Nafarroan banatuta daude.

Adin-tarteen arabera, 45-59 urte bitartekoek osatzen dute kutsatu berrien talde nagusia ( % 25), eta 30-44 urte bitartekoek, berriz, (% 19) ondorengoa. Atzetik, 15-29 artekoak eta 15 urtetik beherakoak daude (biak % 16); 75 urtetik gorakoak % 15, eta, azkenik, 60-75 urtekoak ( % 9).

Kasu berrien batez besteko adina 44,1 urtekoa da.

Ospitaleratzeen eta alten balantzearen ostean, 393 pertsona daude COVID-19arekin ospitaleratuta une honetan Nafarroan (atzo baino 19 gutxiago), 62 ZIUn (1 gehiago) , 68 etxean ospitaleratuta (1 gehiago) eta 263 paziente, plantan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua Osasunari buruzko albisteak Medikuak Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea