Gizartea -

Trafikoaren Legea

Sei punturekin zigortuko dute gidatzean sakelako telefonoa erabiltzea

Trafikoarekin lotutako arau berriak onartu dituzte gaur. Besteak beste, herri barruan, errei bakarreko kaleetan, debekatuta egongo da orduko 30 kilometroko abiadura gainditzea.

Ertzaintzaren kontrola, Donostian
Sei punturekin zigortuko dute gidatzean sakelako telefonoa erabiltzea
Ertzaintzaren kontrola, Donostian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ministroen Kontseiluak trafikoarekin lotutako hainbat arau berri onartu ditu astearte honetan. Hala, aurrerantzean sei punturekin zigortuko dute gidatzean sakelako telefonoa erabiltzea, hiru punturekin beharrean. Gainera, herri barruan, errei bakarreko kaleetan, debekatuta egongo da orduko 30 kilometroko abiadura gainditzea. Halaber, patinetean doazenek gehienez orduko 25 kilometroko abiadura harrapatu ahal izango dute.

Helburua da bide segurtasunaren araudia berritzea, eta datozen hamar urteetan hildakoen eta zauritu larrien kopurua erdira murriztea. Horretarako, Munduko Osasun Erakundearen aholkuak ere hartuko dituzte kontuan.

Hauek dira hartutako neurri garrantzitsuenak:

1. Gidabaimenarekin lotutako zigorrak

- Sei punturekin eta 200 euroko isunarekin zigortuko dute gidatzean sakelako telefonoa erabiltzea.

- Hiru beharrean, lau puntu kenduko dituzte gerrikoa, haurrentzako sistemak, kaskoa eta bestelako babes neurriak ez erabiltzeagatik.

- Ibilgailuan radarrak atzemateko gailuak eramateak 500 euroko isuna eta 3 puntuko zigorra ekarriko du.

- Errepide arruntetan, autoek eta motorrek ezingo dute beste ibilgailu batzuk aurreratzeko orduan abiadura muga orduko 20 kilometrotik gora gainditu.

- Trafiko Zuzendaritzak egiaztatutako ikastaroek bi puntu berreskuratzeko aukera emango dute.

2. Herri barruko mugikortasuna

- Espaloia duten norabide bakarreko bideetan ezingo da orduko 20 kilometroko abiadura gainditu.

- Espaloirik gabeko norabide bakarreko bideetan, berriz, orduko 30 kilometroko muga ezarriko dute.

- Orain arte bezala, bi errei edo gehiago dituzten kaleetan orduko 50 kilometroko abiadura baimenduko dute.

3. Mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak

- Gurpil bat edo gehiago, baina plaza bakarra duten eta motor elektrikoa erabiltzen duten ibilgailuak ere arautu dituzte: patineteak eta sabwayak, esaterako. orduko 6 eta 25 kilometro bitarteko abiadura harrapatu ahal izango dute gehienez. Arau honek ez die gurpildun aulkiei eragiten.

- Espaloietan eta oinezkoentzako lekuetan ezingo dira erabili, ezta herri edo hiritik kanpoko errepideetan, autobideetan edo autobietan ere. Herri barruko tuneletan ere debekatuta egongo dira.

- Gainerako ibilgailuek bezala, zirkulazio arauak bete beharko dituzte. Beraz, patinean doazenei ere alkoholemia probak egingo dizkiete, eta ezingo dituzte aurikularrak erabili.

- 2021eko urtarriletik aurrera egongo dira indarrean neurri horiek.

4. Gidatzeko baimenak

- Kamioien gidabaimena lortzeko gutxieneko adina 21 urtetik 18ra jaitsi dute, betiere, 280 orduko Gaitasun Profesionalaren Agiria izanda.

- Autobusak gidatzeko gutxieneko adina ere 18 urtera jaitsi dute. Halere, 21 urte bete arte gidariek ezingo dute bidaiaririk eraman, ezta orduko 50 kilometroko abiadura gainditu.

- Merkantziak eramateko B baimena duten furgonetek 4.250 kiloko zama eraman ahal izango dute (orain arte 3.250 kilokoa).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak