Gizartea -

Kantabria

Castro Urdialesko krimenaren akusatuak gertakariekin zerikusirik ez duela esan du

Carmen instrukzio-epaitegira 11:00ak aldera iritsi eta 20 bat minutu geroago bertatik atera da. Duela urtebete baino gehiago gertatutakoa agerian gelditu zenetik emakumea espetxean dago.

Jesus Maria Baranda bilbotarra. Artxiboko irudia: EiTB
Jesus Maria Baranda bilbotarra. Artxiboko irudia: EiTB
Jesus Maria Baranda bilbotarra. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Castro Urdialesko (Kantabria) krimenaren akusatua instrukzio-epailearen aurrean izan da ostiral honetan. Jesus Maria Baranda 67 urteko bilbotarraren bikotekidea da. Gizonaren burua kutxa baten barruan aurkitu zuten. Akusatuak bere inplikazioa ukatu du bikotekidearen desagerpenean zein heriotzan.

Carmen Merino 61 urteko akusatu sevillarra epaitegira 11:00ak aldera iritsi eta 20 bat minutu geroago bertatik atera da. Guardia Zibilak eskolta eman dio.

Auziko iturriek ostegunean aurreratu zutenez, epailearen aurrera eramateko asmorik ez zegoen, baina oraingoz epaitegi barruan gertatutakoaren xehetasunik ez dute jakitera eman. Gertakariak jazo zirenetik hirugarren epaitegi aldaketa da.

Instrukzioan aurrera egiteko eta auziaren zenbait inguruabar argitzen saiatzeko, Ministerio Fiskalak akusatuaren gaurko agerraldia eskatu zuen, iturri juridikoek azaldu dutenez.

Akusatuak bere inplikazioa ukatu du bikotekidearen desagerpenean zein heriotzan, eta burezurra kutxa baten barruan agertzeko zer gertatu zen ez dakiela adierazi du.

Epaitegira sartu baino lehen, akusazio partikularreko abokatuak kazetariei esan dienez, biktimaren senideak kezkaturik daude, eta erantzukizun penalak garbitzea espero dute.

Duela urtebete baino gehiago gertatutakoa agerian gelditu zenetik emakumea espetxean dago. 2019ko irailaren 28an Barandaren burezurra kutxa baten barruan agertu zen. Gizona bikotekidearekin bizi zen etxebizitza batean, Castro Urdialesko Padre Basabe kalean.

2019ko otsailetik desagertuta

Gizona, bankari ohia (dagoeneko erretiroa hartuta), 2019ko otsailetik desagertuta zegoen.

Akusatuaren lagun batek burezurra kutxa baten barruan aurkitu ondoren, bikotekidea atxilotu zuten. Kutxa gordetzeko eman zion, baina kiratsaren ondorioz zabaldu eta buru-hezurra aurkitu zuen. Osasun zerbitzuek akusatuaren adiskidea artatu eta Castro Urdialesko Cotolino anbulatoriora eraman behar izan zuten.

Ondoren, Kantabriako Guardia Zibilak, Madrilgo espezialisten eta txakurren laguntzarekin, bikotearen etxebizitza eta hildakoak zonaldean zituen lursailak miatu zituen. Era berean, Merueloko zabortegira, Kantabriako handienera, hurbildu ziren, hondakinen kudeaketaz informatzeko.

Burezurra topatu ondoren, gertatutakoaren inguruko susmo eta zurrumurru ugari egon ziren. Nortasunaren berri egun batzuk geroago eman zuten, auzitegiko medikuek buru-hezurrari probak egin ostean.

Epaileak sumario-sekretua ezarri eta hilabeteetan luzatu zuen, ekainaren 30ean altxatu zuten arte, hau da, burua aurkitu eta bederatzi hilabete beranduago. Uztailean, behin-behineko askatasuna ukatu zion Kantabriako Lurralde Auzitegiak auzipetuari, besteak beste, ihes egiteko arriskua dagoela iritzita.

Urtebete baino gehiago igaro ondoren, oraindik zalantza asko dira auzian, krimenaren arrazoia, non gertatu zen edo hildakoaren gorpua non dagoen, esaterako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Delituak Epaiketak Brazomar hondartza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kantabria Erailketak