Gizartea -

GABONAK DONOSTIAN

Olentzerok postontziak jarriko ditu Donostiako haurren gutunak jasotzeko

Olentzero eta Errege Magoak Donostiako txikienentzako bideo bat prestatzen ari dira eskaerak nola jaso azaltzeko. Aurten ez da desfilerik izango, baina protagonistekin hainbat ekitaldi egingo dira.

Olentzero Donostiako kaleetan. EiTBko bideo bateko artxiboko irudia.
Olentzero Donostiako kaleetan.
Olentzero Donostiako kaleetan. EiTBko bideo bateko artxiboko irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gabonak ate joka ditugu eta Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak ospakizun handirako prestatzen ari dira. Hori bai, espero zen bezala, aurtengo Gabonak desberdinak izango dira, eta Donostiako Udalak ohiko ekitaldiak egokitu behar izan ditu pandemiaren ondorioz.

Gauzak horrela, Eneko Goia Donostiako alkatea hiriko ume eta familia guztiei zuzendu zaie: "Aurten Olentzero Donostian izango da, eta ume guztiek euren eskaerak egiteko aukera izango dute. Horretarako, Olentzerok esan digu laster bideo bat bidaliko digula, eta bertan, haur guztiei instrukzio batzuk emango dizkiela eskaerak egiteko".

Horren harian, Goiak jakinarazi du, aurten ez dela desfilerik izango eta, beraz, gutunak idatziz zein emailez bidaltzeko aukera egongo dela. Hirian zehar Olentzerori gutunak bidaltzeko postontziak egongo dira, eta aurreko egunetan galtzagorriak ikastola ezberdinetara gerturatuko dira. Horrez gain, abenduaren 23an eta 24an Antzoki Zaharrean emanaldiak egongo dira eta, bertan, Olentzerok eta Mari Domingik parte hartuko dute.

Era berean, Goiak ziurtatu du aurten Errege Magoak Donostiara etorriko direla. Eta Olentzero bezala gutunak modu birtualean jasoko dituzte eta haur guztientzako bideo bat bidaliko dute. Tamalez, Olentzero eta Mari Domingiren kasuan bezala, ez da kabalgatarik egongo, eta horren ordez, urtarrilaren 5ean Illunben emanaldi batzuk egingo dira Erregeak ikusi ahal izateko. Halaber, Meltxor, Gaspar eta Baltasar helduen egoitzei keinu bat egingo dietela aurreratu du Eneko Goia alkateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Gabonak argazkiak Olentzero Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Errege magoak