Gizartea -

Aplikazio berria

Galduta dabiltzanen mugimenduei jarraitu ahalko die SOS Deiakek, haien baimenarekin

Telefonoek duten geolokalizazio sistemaz baliatuko dira. Erabiltzaileak SOS Deiaken aplikazioa aktibatu beharko du, eta horri esker bere azken mugimenduen berri izango dute larrialdi zerbitzuek.

Zegaman desagertutako mendizale baten bilaketa lanak. Argazkia: Twitter SOS Deiak
Zegaman desagertutako mendizale baten bilaketa lanak
112 SOS Deiak aplikazioak geolokalizazio-sistema bat jarri du martxan

1:15

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SOS Deiakek martxan jarri duen sistema berri bati esker, galduta dabiltzan pertsonen azken mugimenduak ezagutu ahalko dituzte larrialdi zerbitzuetako langileek, dela kalean orientazioa galdu duten adinekoena, dela mendian bakarrik dauden mendizaleena. Horretarako, baina, pertsona horien aurretiko baimena beharko dute. Asmoa da larrialdi zerbitzuei lana erraztea, eta desagertutako pertsonak albait azkarren aurkitzea.

Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuak eta Maider Larrañaga Larrialdi Arretako Zuzendaritzako teknikariak SOS Deiaken aplikazioak dituen zerbitzu berriak aurkeztu dituzte ostiral honetan.

Bereziki, "bide segurua" delako zerbitzuari eman diote garrantzia, arriskuan dauden edo galduta dabiltzan pertsonen bilaketa edo erreskate lanetan denbora aurrezteko balio duelako.

Sakelako telefonoek duten geolokalizazio sistemaz baliatuko dira horretarako larrialdi zerbitzuetako langileak. Hau da, erabiltzaileak SOS Deiaken aplikazioa aktibatu beharko du, eta horri esker bere azken mugimenduen berri izango du SOS Deiakek.

Besteak beste, mendian "track" izena hartzen duen ibilbidea ezagutuko dute erreskate taldeetakoek, aplikazio horren bidez.

Erkorekak azpimarratu du erabiltzaileak boluntarioki aktibatu beharko duela aplikazioa, eta 24 ordura desaktibatuko dela automatikoki. Aktibatuta dagoen bitartean, galdu diren pertsonek ez dute 112 deitu beharrik izango.

"Guztiz gomendagarria da bakarrik kirola egiten dutenentzat, mendizaleentzat, txirrindularientzat, itsaslabarrean arrantzan egoten diren arrantzaleentzat, baina baita adineko pertsonentzat ere", nabarmendu du Erkorekak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak Adinekoentzako egoitzak Mendiko istripuak Aplikazioak Euskadiko Larrialdien Zentroa