Gizartea -

Koronabirusa

Positibo tasa apur bat igo da EAEn eta Nafarroan

Euskadik 666 kasu erregistratu ditu azken 24 orduetan, % 6,1eko positibo tasarekin, eta Nafarroak 138, % 4,3ko positibo tasarekin.

Osasun langileak Nafarroako UZI batean. Argazkia: EFE
Osasun langileak Nafarroako UZI batean.
Osasun langileak Nafarroako UZI batean. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gorabeherekin jarraitzen dute kutsatzeek EAEn eta Nafarroan, betiere kurbaren egonkortasunari eutsiz eta positiboen portzentaje antzekoa mantenduz.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetako pandemiaren bilakaerari buruzko datuak eman ditu jakitera; egun horretan, 10.881 proba diagnostiko egin zituzten, eta 666 pertsonak eman zuten positibo, bezperan baino 27 gutxiagok, baina 1.500 proba gutxiago egin zituzten.

Bizkaiak atzean utzi du 100.000 biztanleko 500 kasutik gorako intzidentzia-tasa metatua, eta, beraz, Gipuzkoa bakarrik dago kopuru horren gainetik.

57 ospitaleratze berri erregistratu dira (hiru gehiago), baina zainketa intentsiboetako unitateetako pazienteen kopurua 134ra jaitsi da (zortzi gutxiago) eta gela arruntetan 403 pertsona daude ospitaleratuta (bederatzi gutxiago).

Azken orduetan 288 pertsona kutsatu dira Gipuzkoan (asteartean baino 13 gehiago), 258 Bizkaian (47 gutxiago) eta 110 Araban (bederatzi gehiago). Gainera, autonomia erkidegotik kanpo bizi diren beste hamar pertsona ere kutsatu dira.

Datu horiek % 6,1eko positibo tasa ematen dute. Aurreko eguneko % 5,6ko datuarekin alderatuz, puntu erdi handitu da. Hala ere, oinarrizko ugalketa kopuruak, R0ak, behera egiten jarraitzen du, eta 0,79an dago; aurrekoan baino bi hamarren txikiagoa da.

Joera horren ondorioz, Euskadi osoan 14 egunean metatutako intzidentziak behera egiten jarraitzen du, eta 570,2an dago jada. Aurreko egunean, aldiz, 600etik gora zegoen, 604,5ean hain zuzen ere.

Bizkaia gune gorritik (500 kasu baino gehiagoko intzidentzia) atera da, eta aurreko 518,1 kasuetatik 482,7ra jaitsi da. Egun batzuk daramatza Arabak eremu horretatik kanpo, eta Gipuzkoak ere hobera egin du. Hala ere, 500 kasutik gora izaten jarraitzen du, 742 alegia.

Udal-egoerak ere hobera egin du. 35 udalerrik 500 kasutik gorako intzidentzia izan dute, aurreko egunean baino hiru gutxiagok; izan ere, Arrigorriaga (Bizkaia), Beasain eta Lezo (Gipuzkoa) gune gorritik atera dira, azken bi horiek 25 kasurekin. Arabak batere ez du oraindik.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Bizkaiko adinekoentzako egoitzen sareko hiru erabiltzaile hil dira azken orduotan; beraz, pandemiaren bigarren olatuan 99 pertsona hil dira. Halaber, 209 biztanle daude COVID-19arekin kutsatuta, duela bi egun baino 24 gutxiago.

Adinaren arabera, Euskadin 666 kasu berrietatik 252 kasu 40 eta 64 urte bitartekoen artean zenbatu dira, eta 168, 19 eta 39 urte bitartekoen artean. 18 urtera arteko biztanleen artean 131 kasu daude, eta 65 urtetik gorakoen artean, 115 (horietatik 58, 80 urtetik gorakoen artean).

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatu handienak 0 eta 18 urte bitartekoen artean (631,04) eta 80 urtetik gorakoen artean (632,27) daude; tasarik txikiena, berriz, 65 eta 79 urte bitartekoen artean dago (395,19).

Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman dituen datuen arabera, 154 zentrok osatutako sarean 152 erabiltzailek eman dute positibo, eta beste 26 ospitaleratuta daude.

Euskal ikastetxeei dagokienez, bertan behera jarraitzen du Geroa Waldorf eskolaren jarduera presentzialak. Bertan, ia ikasle guztiak harreman estutzat hartzen dira, eta Fiskaltzaren esku utzi da kontua; izan ere, dirudienez, ez zuten maskara erabiltzen COVID-19aren prebentziorako metodo gisa.

Guztira 99 ikasgela itxi dituzte (aurreko egunean baino sei gehiago) 65 ikastetxetan (bi gehiago). Beraz, hezkuntza-sistemak ikasturte honetan dituen 17.554 ikasgelen % 0,56 daude itxirik.

Nafarroako egoera

Nafarroak 141 kasu positibo berri atzeman zituen atzo, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, osasun-sistema publikoan 3.218 proba egin ostean (2.447 PCR eta 771 antigeno test). Positibo tasa % 4,4an dago.

Ikuspegi epidemiologikotik, pandemiaren bilakaerari dagokionez, atzo gaixotasun horrekin lotutako bederatzi ospitaleratze berri izan ziren, bat zainketa intentsiboetako unitatean, eta 72 eta 73 urteko bi gizon hil ziren. Gainera, aurreko egunean 84 urteko beste gizon bat hil zela jakinarazi dute. Ondorioz, 858 pertsona hil dira guztira.

Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 53 erregistratu dituzte, Tuteran % 28 eta Lizarra % 13. Gainerako positiboak (% 6) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatu dira.

Erregistratutako kasu berrien banaketari dagokionez, adin-tarteen arabera, talde nagusia 15 eta 29 urte artekoa (% 30) da, 45 eta 59 urte artekoa (% 22) eta 15 urtetik beherakoa (% 20) daude ondoren. Jarraian, 30-44 urtekoen taldean kasuen % 18 zenbatu dira; 60-75 urtekoen taldean, % 7; eta, azkenik, 75 urtetik gorakoen taldean, % 3. Kasu berrien batez besteko adina 34,2 urtekoa da.Generoari dagokionez, kasuen % 53 emakumeak dira eta % 47 gizonak.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 204 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino bost gutxiago); horietatik, 38 zainketa intentsiboetako unitaetan daude (atzo baino bat gutxiago) eta beste 17 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bat gutxiago). Gainerakoak, 149 paziente, ospitaleko gela arruntetan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 39.036 da Nafarroan.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak eguneratu egin du atzo hartutako neurrien inguruko galdera eta erantzun ohikoenei buruzko informazioa. Neurri horiek ostalaritzari, aire zabaleko kirol-guneei eta haur-parkeei, kultura-jarduerei eta egoitza-zentroetara egindako bisitei eragiten diete, batez ere.

Haur eta Lehen Hezkuntzako 68 ikasle konfinatu dituzte Nafarroan azken orduetan. Horiekin, 957 ikasle daude etxean, bi zikloetako ikasle guztien % 1,54.

Gelaka, 49 bizikidetza-talde egonkor daude prebentzio moduan isolatuta, 33 ikastetxetan. Horrez gain, 26 ikasle aurrez aurreko eskoletara itzuli dira gaur, osteguna, konfinamendu aldia amaitu ostean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Viana Burlata Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuntza albisteak Medikuak Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea