Gizartea -

KORONABIRUSA

Ministerioak Gabonetako otorduetarako bakarrik baimendu nahi du pertsonen mugimendua

Gainerako kasuetan konfinamendu perimetralari eustearen alde egingo du. Gainera, etxeratze agindua 01:30era atzeratzea eta bilerak gehienez 10 pertsonakoak izatea proposatuko du.

Emakume bat, maskararekin, Gabonetako argiek apaindutako kale batean. Argazkia: EFE
Emakume bat, maskararekin, Gabonetako argiek apaindutako kale batean.
Emakume bat, maskararekin, Gabonetako argiek apaindutako kale batean. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gabonetarako konfinamendu perimetralari eustea proposatuko du Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak, baina salbuespen bat onartuta: gehienez 10 pertsonako (ez du zehaztu haurrak barne dauden) bazkari-afariak egiteko senitartekoen mugimenduak baimentzea. Horrez gain, Eguberri egunean eta Gabon Zahar gauean etxeratze agindua 01:30era atzeratzea babestuko du.

Hala dago jasota behintzat Osasun Ministerioak Lurralde arteko Osasun Batzordearen bilerara eramango duen proposamenean, eta EFE albiste agentziak eskuratu duen horretan. 

Dokumentu horretan ageri denez, sarbidea kontrolatu daitekeen eta prebentzio neurriak beteko dituzten lekuetan kabalgata estatikoak egitearen alde egingo du Salvador Illak zuzentzen duen Ministerioak. Halaber, kanpaikadak modu birtualean eskaintzea proposatuko du.

Testua oinarri, Ministerioa eta autonomia erkidegoak Gabonetarako gomendio sorta adosten ahaleginduko dira arratsaldean egingo duten bileran. Batzarra 16:00etan hasiko da eta bideokonferentzia bidez egingo da.

Eusko Jaurlaritzak bere hasierako jarrera malgutu du kontsentsuaren izenean, hots, Estatu mailan gutxieneko akordio bat lortzeko. Gauzak horrela, 10 pertsona elkartu ahal izatea, abenduaren 24an eta 31n etxeratze agindua 01:00etara atzeratzea, eta udalerrien zein autonomia erkidegoen itxiera perimetrala altxatzea proposatuko du.

Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, 10 pertsonen arteko bilerak baimentzea proposatuko du.

Madrilgo Erkidegoak 10 pertsona elkartu ahal izatea nahi du abenduaren 24ean, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an. Horrez gain, etxeratzea agindua 01:30era atzeratu nahi du Gabon gauean eta Gabon zaharrean.

Kataluniak ere 10 pertsonako bilerak baimendu nahi ditu (bizikide ez diren bi burbuilatakoak gehienez), baina ez du argitu adingabeak kontatu behar diren ala ez. Bestalde, etxeratze agindua 01:30era atzeratzea ere babestu du.

Espainiako Osasun Ministerioak erkidego autonomoetako ordezkariekin iragan astean egin zuen bilera akordiorik gabe amaitu zen eta gaur elkartuko dira berriro Gabonetako plana adosten ahalegintzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gaurko albisteak Nafarroan Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainiako Gobernua bideoak Gaixotasunak albisteak Gabonak bideoak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua Sendagileen albisteak Erizaintza gaur COVID kasuak Alarma egoera