Gizartea -

Zientzia

8.848,86 metroko altuera du Everest mendiak, Nepal eta Txinak adostu dutenez

Horrela, munduko mendirik altuenari buruzko azken urteetako desadostasunak alde batera utzi dituzte bi herrialdeek.

Everest mendiaren artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Everest mendiaren artxiboko irudia
Everest mendiaren artxiboko irudia. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nepalek eta Txinak Everest mendiaren altuera zehaztu dute gaur, asteartea: 8.848,86 metro. Hala adierazi dute elkarrekin egindako agerraldi batean, munduko mendirik altuenari buruzko azken urteetako desadostasunak alde batera utzita.

“Everest mendiaren altuera 8.848,86 metrokoa da”, esan du Wang Yi Txinako Kanpo Arazoetarako ministroak, Pradeep Gyawali Nepaleko ministroarekin batera, Katmandun.

Orain arte, Katmanduk (Everesteko hegoaldeko magala herrialde horri dagokio) 8.848 metrotan zehaztu du altuera, Indian 1955ean egindako neurketari jarraiki. Beijingen esanetan, aldiz, mendiak 8.844,43 metroko altuera zuen, 2005ean egindako azken neurketaren arabera.

Gauzak horrela, hau da lehen aldia Txina eta Nepal ados daudela Everesten altueraren inguruan, 1849ean britainiar batzuek egindako lehen neurketaren ondotik hasitako desadostasunari amaiera emanda.

Agerraldi bateratu honen bidez, bi herrialdeen arteko adiskidetasunak "altuera handiagoak" lortuko ditu, ekitaldian parte hartu duten bi herrialdeetako agintariek adierazi dutenez. Txinak eta Nepalek elkarlana sustatu dute azken urteotan, eta elkarlan hori kezka iturri izan da Indiarentzat eta Beijingo arerioarentzat.

Proiektua 2017an sortu zen, baina Xi Jingping Txinako presidenteak Nepalen bisita egin arte (2019ko urrian) ez zuen aurrerapausorik eman. Izan ere, Lehen aldia da Katmanduk parte hartzen duela mendiaren neurketan.

Lehen neurketak egiteko, munduko mendirik altuena zela ez zekitenean, eragiketa trigonometrikoak erabili zituzten, eta garai horretan jarri zioten Everest izena, neurketok sustatu zituen geografo britainiarraren abizena zen, hain zuzen.

2005ean, Txinako Topografia eta Kartografia Bulegoak neurketa berri bat egin zuen, GPS eta radarren teknologia erabilita, eta zabalduta zegoen altuerari lau metro kendu zizkioten, tontorrean dagoen elur geruza kenduta, baldintza klimatologikoen arabera geruza horren lodiera aldatzen dela argudiatuta.

Gaur iragarritako neurketa honek, era berean, geologoek 2015ean Nepalen izan zen lurrikararen ondorioei buruzko zalantzak ere argitu ditu, ez baitzuten argi dardarak mendiaren altuera aldatu ote zuen. Lurrikara horretan, (7,5 graduko indarrekoa) 9.000 pertsona baino gehiago hil ziren, horietatik 19 Everesten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Nazioartea Txina Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia